Otsailaren 22an, asteazken arratsaldean jokatu ziren Doneztebeko pilotalekuan, Malerrekako hamargarren eskuz binakako txapelketako azken finalerdiak. Honenbertzez, otsailaren 25ean, larunbat goizean eta arratsaldean jokatuko diren finaletako protagonistak erabaki dira.
Kadete mailako bi finalerdiak Donibane eta Bortzirietako ordezkarien arteko partidak ziren eta bietan Iruñekoak nagusitu ziren. Lehenbizikoan, Bakaikoa eta Arandiak 18 eta 14 irabazi zieten Errandonea eta Martinez beratarrei eta bigarrenean, Laso eta Martijak 18 eta 14 irabazi zieten Mitxelena beratarrari eta Olaizola lesakarrari.
Infantil mailan jokatu gabe gelditu zen finalerdia ere jokatu zen. Titin III.eko Marcos eta Salaverrik 18 eta 7 irabazi zieten Andoaingo Oiarbide eta Aizpururi.
Finalak otsailaren 25ean
Malerrekako txapelketako finalak otsailaren 25ean jokatuko dira. Larunbat goizeko 10:00etan hasita, benjaminetan, Aldabideko Igoa eta Mariñelarena, Orozkoko Iriondo eta Ibarrondoren kontra ariko dira. Alebinetan, Ilunpeko Egiguren eta Iriarte, Andoaingo Alberdi eta Usurbilgo Arangurenen kontra eta infantiletan, Titin III.eko Marcos eta Salaverri, Lazkaoko Zubizarreta eta Sestaoko Martitegiren kontra.
Arratsaldeko 16:30etik aitzinera jokatuko dira maola nagusienetakoak. Kadetetan, aipatu bezala, Donibaneko bi bikote izanen dira aurrez aurre: Bakaikoa eta Arandia, Laso eta Martijaren kontra. Jubeniletan, Huarteko Zamora eta Errekako Andueza, Aurrera Saiazeko Zelaia eta Iruretagoienaren kontra ariko dira; bigarren mailako seniorren finala, Txarutako Unai Arraztoak eta Gure Txokoako Gorka Retegik, Ilunpeko Otamendi eta Aizpururen kontra jokatuko dute eta elite mailakoa, azkenik, Txarutako Diaz eta Arraztoak, Usurbilgo Santxo eta Altunaren kontra.
Errekako eskuz banakako finalak ortziral arratsaldean
Bertze aldetik, Errekako pilotarien artean jokatu den eskuz banakako txapelketaren finalak otsailaren 24an, ortziral arratsaldeko 16:30etik jokatuko dira Doneztebeko udal pilotalekuan. Benjamin E mailako lehen multzoan, Oier Oiarzabal Oier Erkiziaren kontra ariko da eta bigarren multzoan, Asier Arregi Fabricio Balmelliren kontra; benjamin D mailan, Ugaitz Aldabe Enaitz Porturen kontra; benjamin C mailan Joseba Telletxea Mikel Mikelarenaren kontra; benjamin B mailan, Ruben Saldias David Mitxeoren kontra; benjamin A mailan, Aimar Sarratea Mikel Bangoren kontra; alebinetan, Ibai Erasun Gaizka Agirreren kontra; kadete nesketan, Naroa Elizalde Maritxu Santxezen kontra; infantiletan Iker Salaberria Enaitz Telletxearen kontra eta kadetetan, Javier Saldias Beñat Etxekolonearen kontra.