Laurehunen bat ikusle elkartu ziren igande eguerdian Doneztebeko pilotalekuan Xabier Mindegia eta Julen Kañamaresen arteko apustua ikustera. Zortzi kanaerdiko eta bi oinbiko moztea adostua zuten eta, azkenean, Xabier Mindegiak 23 segunduko aldea atera zion Arostegikoari.
Indartsu hasi zen Kañamares baina hasierako abantailak guti iraun zion. Izan ere, hirugarren enborrean atera zitzaion adar batek ordura arte zuen abantaila irentsi egin zion eta, geroztik, Labaiengoa joan zen buruan. Azken enborrerako hiru falta zutela iduri zuen bien arteko aldea murrizten ari zela baina Labaiengoak eutsi egin zion bere erritmoari inolako arazorik gabe.
Horrela bada, Xabier Mindegiak 32 minutu eta 22 segundu behar izan zituen bere lana burutzeko, Julen Kañamaresek baino 23 segundu gutiago.