Ortzegun Gizenarekin ondotik, igandeko kinto bestak, asteleheneko auzoetako eskeak eta astearteko mozorro eta karrozek kolore berezia emanen diote Etxalarko inauteriei.
Ortzegun Gizen egunean, goizean etxez etxe ibili ziren neska-mutikoak Ortzegun Gizen, Ortzegun Gizen, zingar-arraultze bat ez bada bertze eskatuz. Arratsaldean, plazan bildu ziren Landagain eskolako ikasleak eta handik abiatuta, karrikaz karrika beraien antzezlanak eskaini zituzten.
Otsailaren 19an, igandeko Zaldun Inaute egunean ez da aparteko ekitaldirik inauterien egitaruan, baina hori bai, herriko ostatu eta jatetxeak gainezka izaten dira, hainbat adinetako kinto bestak izaten baitira. Eguerdi partean aperitiboa, ondotik bazkaria eta arratsean poteoarekin segituko dute.
Otsailaren 20an, Astelehen Inaute egunean herriko gazteak bi taldetan banaturik batzuk goiko auzoan eta bertzeak beheko auzoan eskean ibiliko dira egun guzian zehar. 08:00etan abiatzen dira eta bazkaria Armitxen eta Usazaleen etxolan egiten du talde bakoitzak. Arratsean herrira itzulera eta poteoa izaten da eta pintxo afaria.
Otsailaren 21a, Astearte Inaute eguna izaten da hondarrekoa Etxalarren. Goizean herriari itzulia emanen zaio mozorro eta karrozekin. Aurtengoan berrikuntza bezala, arratsaldeko 18:00etan Beñat akordioilaria ibiliko da ostatuz ostatu eta ilunabarreko 20:00etan taloak izanen dira salgai herriko etxe azpian.