Beintza-Labaiengo Xabier Mindegiak eta Arostegiko Julen Kañamaresek urteko lehen aizkora apustua jokatuko dute otsailaren 19an, igande eguerdiko 12:00etatik aitzinera Doneztebeko pilotalekuan. Aizkolari bakoitzak 3.000 euro jarri ditu jokoan eta zortzi kanaerdiko eta bi oinbiko moztu beharko ditu.
Abenduaren 16an Labaiengo Xabier Mindegiak desafioa luzatu zion Arostegiko Julen Kañamares gazteari. Hitzordua Doneztebeko Titi ostatuan abenduaren 23an finkatua zuten. Horrela, aipatutako bi aizkolariak, beraien laguntzaileak ondoan zituztela, hantxe elkartu ziren. Xabierren proposamena lau kanaerdiko eta lau oinbiko lana zen, Julenek aldiz kanaerdi gehiago nahi zituen oinbikoen ordez. Hizketaldi luze baten ondotik eta lan bakoitza ongi aztertu ondotik, adostasun batera iristea lortu zuten. Azkenean, egin beharreko lana, zortzi kanaerdiko eta bi oinbikoetan adostu zuten. Jokoan jarri beharreko ditu kopurua ere han bertan erabaki zuten, aizkolari bakoitzak 3.000 euro jokatzea erabakiz. Seinale gisa egun hartan 1.000 euro jarri zituen bakoitzak, eta diruzain Titi Ostatuko jabea da. Gainontzeko dirua apustua baino hiru egun lehenagotik jarri beharko dute bi kirolariek. Apustura kirolari bakoitzak bi laguntzaile eraman ahal izanen ditu. Aipatu ere, Nafarroako Herri Kirol Federazioak kontrolatuko duela apustua eta amaieran dopinaren aurkatu proba pasatu beharko dutela.
Parekotasun haundiko desafioa ikusi ahal izanen da igandean, duela gutti arte bi aizkolariak Nafarroako 2. mailan arituak baitira, nahiz eta Kañamaresek 2011ko irailean Uharten jokatu zen finalean txapela irabazi zuen Mindegiari 20 segundu ateraz.