Aurten, inauteriak otsailaren 17, 18 eta 19an ospatuko dira Saran, ortziraletik igandera. Ospakizunak ostiral arratsaldez hasiko dira, hiru eskoletako haurrak plazan elkartuko dira 14:00etatik goiti eta ondotik, krakada eginen dute.
Larunbatean, otsailak 18, gazteen inauteria izanen da, eta etxez-etxe ibiliko dira auzoetan barna. Arratsean, plazan bukatuko dute itzulia, eta Herriko Etxeko Edantegian kontzertua izanen da eta gaua goxoan bukatzeko aukera.
Igandean, berriz, 11:00etatik goiti plazan inauteriak eginen dira. Lehenik haur eta gazteen desfilea, ondotik, dantzak eta mutxikoak eta bukatzeko zanpantzarren auzia. Aurten, Sarako kantariek ikusgarri ttiki bat ere eskainiko dute. 13:30ean denei irekia izanen den bazkaria eginen da plazan, eta denbora txarra baldin bada, Lur Berri gelan.