Leitzaundi da Bardoak 2012 lehiaketan hurrengo faserako sailkatu den lehen taldea

TTIPI TTAPA 2012ko otsailaren 14a

Beratarrak taldearen hasierako agurra, ortziralean Berako Kaxerna gaztetxean. Nafarroako Bertsozale Elkartea

Bertsoak lau haizetara eta aretoak lepo Bardoak 2012ko bigarren asteburuan

Zazpi saio izan ditu Bardoak 2012 Nafarroako taldekako txapelketaren bigarren asteburuak. Barañain, Bera, Txantrea, Intza, Aniz, Leitza eta Iruñean jokatu ziren saioak ostiral eta igande bitartean, eta denetan bertsozaleen erantzuna ezin hobea izan da. 480 lagun inguruk segitu dituzte bertso saioak eta Bardoak 2012ren filosofia saioak elkarte girokoak egitea denez, lepo bete dira aretoak bertsolarien lanarekin gozatzeko.

Zazpi saio izan ditu Bardoak 2012 Nafarroako taldekako txapelketaren bigarren asteburuak. Barañain, Bera, Txantrea, Intza, Aniz, Leitza eta Iruñean jokatu ziren saioak ostiral eta igande bitartean, eta denetan bertsozaleen erantzuna ezin hobea izan da. 480 lagun inguruk segitu dituzte bertso saioak eta Bardoak 2012ren filosofia saioak elkarte girokoak egitea denez, lepo bete dira aretoak bertsolarien lanarekin gozatzeko.

Txapelketari dagokionez, dagoeneko talde batek lortu du bigarren faserako sailkatzea, Leitzako Leitzaundi, Miel Mari Elosegi “Luze”, Iñigo Ibarra eta Iñigo Sagastibeltza bertsolariek osatzen duten taldea. Bi saio irabazita, bi puntu lortu eta bigarren fasean ariko den sei talderen artean izanen da Leitzaundi. Gainerako bost nortzuk izanen diren azken asteburuan jakinen da.

Ostiralean bi saio izan zituen Bardoak 2012k, Barañainen eta Beran. Barañaingo Haizea elkarteak bizi zuen asteburuko saiorik jendetsuena, 95 lagun elkartu ziren herriko Beteranoak eta Leitzako Leitza ta leitzarrak taldeen arteko saioa ikusteko Hori baino lehen, bertsozaleek merendu ederrarekin bete zuten sabela. Saio polita egin zuten biek eta azkenean barañaindarrek eraman zuten saioa.

Berako gaztetxean izan zen ostiraleko bigarren saioa. Han ere, mokadu batzuk izan zituzten lehenbizi eta horren ondotik Beratarrak eta Leitzaundi taldeen arteko saioa izan zen. 50 lagun elkartu ziren saioa ikustera eta leitzarrek eraman zuten herrira txapelketako haien lehen puntua.

Larunbatean, berriz, hiru izan ziren jokatu ziren Nafarroako taldekako txapelketako saioak, bi eguerdiz eta azkena iluntze partean. Txantreako Euskaldunon Biltoki elkartean, Desterratuak eta Dizerdit taldean aritu ziren aurrez aurre. Saioak ikusmin handia sortu zuen, bertzeak bertze Julio Soto eta Xabier Silveira aurrez aurre ikusteko aukera eskaintzen baitzuen eta hainbat egun lehenagotik bazkarirako, zein ondorengo bertso saiorako txartel guztiak agortuta zeuden. 75 lagunek disfrutatu zuten sei bertsolariekin jardunarekin, ez zen gehiago kabitzen. Azkenean, Desterratuak taldeak eraman zuen saioa.

Bigarren bertso bazkari bat izan zen larunbatean, Intzako herriko ostatuan. Han ere aretoa goraino bete zen, ederki bazkaldu ostean 50 lagunek gozatu zuten Araitz-Beteluko Mailope eta Lesakako Rimak Exkaxko taldeek egin zuten bertso saio biziarekin. Lesakara joan zen jokoan zen zegoen puntua.

Larunbateko hirugarren eta azken saioa Baztango Aniz herrian izan zen. Afaria eta ondorengo bertso saioan 60 lagun elkartu ziren. Malerrerako Erauntsi eta Lesakako Altzuri, Edurnezuri eta amaordeak izan ziren afalostea bertsoekin edertu zituztenak. Erauntsi taldeak eraman zuen saioan jokoan zegoen puntua.

Bardoak 2012ko asteburu oparoari amaiera emateko, igandean bi saio jokatu ziren, Leitzan eta Iruñean. Leitzan herriko Leitzaundi taldeak asteburuko bigarren saioa jokatu zuen, Baztango Bar-ideak taldea izan zuten bertsolagun. Aurrera elkarteko aretoa lepo bete zen saiora ikustera hurbildu ziren 80 bertsozaleekin. Leitzarrek saioa irabazi eta bigarren puntua eskuratu zuten, hortaz bigarren faserako sailkatu da Leitzaundi taldea.

Azkenik, Iruñean izan zen azken saioa. 70 lagunek goraino bete zuten Zaldiko Maldiko elkartea, Bertze Maldikoak eta Lepatanatuek arteko saioa ikusteko. Merendua egin ostean, sei bertsolarik lanari ekin zioten. Auritz eta Iruñeko bertsolariekin osatutako Bertze Maldikoak eskuratu zuen haien lehen puntuan.

Nafarroako taldekako txapelketak lehen faseko azken saioak izanen ditu hurrengo asteburuan. Bost saio jokatuko dira Leitza, Lesaka, Uitzi eta bi Iruñean. Horren ostean jakinen da zeintzuk diren Bardoak 2012ko bigarren fasera Leitzaundirekin batera pasa diren beste bost taldeak.

Saio horien gaineko informazio osoa www.bardoak.com aurkituko duzue.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun