Euskadiko goma gaineko sokatira txapelketan gizonezkoen 600 kiloz beheitiko kategoriako finala jokatuko da otsailaren 11n, larunbatean 17:00etan Berriozarko udal kiroldegiko pilotalekuan. Amaiur izanen da Nafarroako ordezkari bakarra.
Amaiurrekin batera, Bizkaiako Abadiño A eta B eta Sokarri (Arrigorriaga), Ezpeletako Ñapurrak lapurtarrak eta Gipuzkoako Ibarra lehiatuko dira txapelaren bila. Lehen jardunaldia Ezpeletan (Lapurdi) jokatu zen, eta Abadiño A nagusitu zen. Lehen postua erabakitzeko txandan, Abadiño A-k bi tiraldiak irabazi zizkion Amaiurri. Hirugarren posturako, berriz, Ñapurrakek Ibarra hartu zuen mendean. Bigarren jardunaldia, berriz, joan zen urtarrilaren 28an jokatu zen, Idiazabalen (Gipuzkoa), eta Sokarri gailendu zen jardunaldiko lehen posturako lehian, Abadiño A taldeari bi tiraldiak irabazita.
Emakumezkoak 500 kilokoan
Larunbateko saio berean, emakumezkoen 500 kiloko bigarren jardunaldia jokatuko dute lehian ariko diren bost taldeek: Badaiotz (Gasteiz, Araba), Bizindar (Artziniega, Araba), Sakana (Arbizu, Nafarroa), Ibarra (Gipuzkoa) eta Berriozar (Nafarroa). Hiru jardunaldiko liga jokatuko dute, eta hiru jadunaldietan puntu gehien batzen duen taldeak jantziko du txapela. Badaiotz gailendu zen lehen jardunaldian, lau kontrarioak mendean hartuta eta tiraldi guztiak irabazita (8 tiraldi), joan zen larunbatean. Sendotasun osoa erakutsi dute Gasteizko tiralariek txapelketa osoan. Sakanak Ibarra hartu zuen mendean; Ibarrak Berriozar eta Berriozarrek Bizindar.
Larunbatekoa Euskadiko txapelketako azkenaurreko saioa izanen da. Otsailaren 18an, Arrigorriagako pilotalekuan gizonezkoen 560 kiloko txapelketa jokatuko da saio bakarrean eta emakumezkoen 500 kiloko hirugarren eta azken saioa eginen da. Hurrengo hitzordua, otsailaren 23 eta 24an Eskoziako Perth hirian jokatuko den Munduko klub arteko txapelketa izanen dute euskal taldeek. Gizonezkoetan, Amaiurrek 560 eta 600 kiloko txapelketan parte hartuko du eta 560 kiloko mistoan.