Otsailaren 11n abiatuko da Galarretan Sagardoaren II Txapelketa. Hamar bikote lehiatuko dira, eta gaur egungo figurekin batera, etorkizuneko promesak nahasian ariko dira, hauei goi mailako partidetan aritzeko aukera eskainiz.
Oriamendi 2010 enpresak Petritegi, Oialume Zar, Bereziartua, Gurutzeta, Gaztañaga, Larre-Gain, Etxeberria eta Saizar sagardotegien laguntzarekin antolatu duen txapelketako lehen partidak larunbat arratsaldean jokatuko dira Galarretan, B multzoko bi partidakin: Endika eta Lizaso, Oñatz eta San Migelen kontra, eta Urtasun eta Barrenetxea IV, Etxeberria IV eta Etxeberria III.aren kontra.
Hamar bikoteak (horietatik zortzitan bada eskualdeko erremonterlariren bat) bi multzotan banatu dira eta denek denen kontra jokatu ondotik, multzo bakoitzeko bi lehenbizikoek jokatuko dituzte finalerdiak martxoaren 24an. Finala, berriz, martxoaren 31n izanen da. Bikote guziak berriak dira eta gehienak sekulan elkarrekin aritu gabeak. Salbuespen bakarra, Juaristi eta Patxi Olazar. Iazko Sagardoaren Txapelketa irabazi zuten eta txapela defendatzeko aukera eman nahi izan die enpresak.
A multzoko bikoteak:
Ezkurra – Zubiri
Juaristi – Olazar
Uterga – Aizpurua II
Zeberio II – Zubizarreta
Urriza – Saldias
B multzoko bikoteak:
Oñatz – San Miguel
Endika – Lizaso
Urtasun – Barrenetxea IV
Matxin III – Ion
Etxeberria IV – Etxeberria III
Sagardotegietako bezeroendako eskaintza
Txapelketak zortzi sagardotegiren laguntza du eta bertako bezeroek eskaintza berezia izanen dute Sagarsdoaren Txapelketan. Ortziralero, ligaxkan, bi sagardotegitan sarrerak emanen zaizkie bezeroei, hauek nahi duten partidan erabiltzeko. Finalerdietarako eta finalerako, aitzineko ortziralean zortzi sagardotegitan banatuko dira sarrerak.