Urtetan ospatu gabe egon ziren iñoteak Itur-Ondo elkartea ireki zenean berreskuratu ziren Beintza-Labaienen. Urtero gai ezberdinen bat aukeratu eta horren inguruan karrozatxoren bat edo bertze egiten dute herriko gazteek. Bertzela ere, gelditzen den jendea nahi duen bezala mozorratzen da. Ea aurten zerekin harritzen gaituzten larunbat honetan, otsailak 11. Itur-Ondo elkarteko kideek jendea mozorrotzera animatu dute, nahiz eta gauean afaltzera bakarrik agertu.
Larunbatean, 10:30 airean, gosaria izanen da Labaiengo Itur-Ondo elkartean. Mozorrotuta dagoen jendea hurbiltzen da gosaltzera eta indarrak hartzera egun osoan etxez-etxe ibiltzeko. Arraultzak, txistorra eta zingarra izaten dira eguna ongi hasteko hoberenak. Ondoren poteoa hasiko da Labaiengo auzotik, herriko gazteek etxez-etxe puxkak bilduz. Aurten Arizkungo Mendiberrik karrikarronda alaituko du egun horretarako prestatutako kotxeen soinuen laguntzarekin. Etxe batzuetan edariak, gazta edo jateko zerbait ematen dute, fruta, arraultzak... 14:00 aldera Itur Ondo elkartean bazkaria izanen da. Arratsaldean baserri batzuetara joanen dira gazteak eta Beintzako auzoari ere buelta emanen diote puxka biltzeari bukaera emanez.
Ondotik, afaria izanen da Itur-Ondo elkartean. Goizaldera arte, erran bezala, Mendiberrik alaituko digu afalostea. Dagoeneko gosari, bazkari edo afarira apuntatzeko zerrenda Itur-Ondo elkartean paratua dago. Eskertzekoa litzateke otorduetara animatutako jendea asteazkenerako apuntatu izana, elkarteko batzordeak jakin nahi baitu zenbat jende hurbilduko den otorduetara, batez ere afarira, gosari eta bazkarietan gazteak biltzen baitira eta urtero kopuru berdintsua direlako.
Bildutako puxken parte bat bazkarian ateratzen da, baina afaria aurretik prestatua egoten da: zopa, oilasko errea, bildotsa txilindronean eta gaztanbera izaten da ohiko menua. Puxka gehienak hurrengo asterako gordetzen dira horiekin berriz afari bat egiteko gazteen artean.