Hogei urteko historia laburtu du Nafarroako Herri Kirol Federazioak bere azken argitalpenean

TTIPI TTAPA 2012ko otsailaren 10a

1991ko errekorren jaialdia, Nafarroako Herri Kirol Federazioak antolatu zuen lehen ekitaldietako bat. Artxiboko argazkia

2003an herri kirolak zabaltzeko martxan jarri zuen egitasmoa bukatu egin du liburu berriarekin

Nafarroako Herri Kirol Federazioak argitalpen berri bat kaleratu du bere 20. urteurrena ospatzeko, Herri kirolak Nafarroan: 1991-2011. Nafarroako Herri Kirol Federazioaren 20. Urteurrena izenburupean. Herri kirolak zabaltzeko egitasmoaren zortzigarren eta azken argitalpena da, aitzinekoak bezala, Mikel Lasartek landutakoa. Proiektu hau 2003an jarri zen martxan.

Nafarroako Herri Kirol Federazioak argitalpen berri bat kaleratu du bere 20. urteurrena ospatzeko, „Herri kirolak Nafarroan: 1991-2011. Nafarroako Herri Kirol Federazioaren 20. Urteurrena“ izenburupean. Herri kirolak zabaltzeko egitasmoaren zortzigarren eta azken argitalpena da, aitzinekoak bezala, Mikel Lasartek landutakoa. Proiektu hau 2003an jarri zen martxan.

Aitzinetik bertze 7 monografiko argitaratu dira, harri jasotzea, aizkora, trontza, iparraldeko jokuak (6 modalitate), sokatira, sega eta herri kirolaren jatorria eta ezaugarriei buruz. Bi bideo ere egin dira harrijasotzea eta sokatirari lotuta.

Material hauen helburu nagusia herri kirolak bultzatzea eta zabaltzea da. Datu tekniko aunitz eskaintzen dituzte herri kirola jorratu ahal izateko arlo ezberdinetan. Bertze alde batetik, bertako kirolei buruz dagoen bibliografia eskaxa zabaldu nahi da, erreferentzia berriak sortuz.

 

Argitalpenaren ezaugarriak

Azken argitalpen honetan Federazioaren egitura eta funtzionamendua azaltzen dira, bere egitekoak, aurrera eramaten duen lana eta baita selekzio bezala lortutako garaipenak ere.

Kapitulu berezi batean markak eta errekorrak deskribatzen dira, bidez batez kirolaren maila neurtzeko erreferentziak baitira, eta alde horretatik, Nafarroa erreferente garrantzitsua dela aipatu behar da.

Etorkizuneko erronken inguruan, Federazioak herri kirolak suspertu nahi ditu oinarrizko eta gaztetxoen mailan, bai herrietan eta baita ikastetxeetan ere. Federazioak argi ikusten du oinarrizko lana indartu egin behar dela etorkizun oparoa ziurtatu ahal izateko.

 

Nola eskuratu materialak?

Material hau Nafarroako Herri Kirol Federazioaren egoitzan banatzen da soilik, Sunbillan. Telefonoa honakoa da: 948-450900 eta e-maila: info@herrikirolaknafarroa.org. Ikastetxeetan eta liburutegietan dohainik banatzen da, eskariaren arabera. Ale batzuk salmentarako gordeko dira.

Lan hau argitaratzeko Federazioak Nafarroako Gobernuaren, Rural Kutxaren eta Sakanako Mankomunitatearen laguntza izan du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun