Antzerkia, kinto bestak, gazteen puxka biltzea auzoz auzo eta karrozak

TTIPI TTAPA 2012ko otsailaren 9a

Etxalarko mozorro eta karroza dotoreak, joan den urtean. Artxiboko argazkia

Ortzegun Gizenarekin hasiko dira Etxa­larren ere inauteriak. Goizean etxez etxe ibiliko dira neska-mutikoak Ortzegun Gizen, Ortzegun Gizen, zingar-arraultze bat ez bada bertze eskatuz. Arratsaldean, 14:30ak aldera, plazan izanen dute hitzordua Landagain eskolako ikasleek eta handik abiatuta, karrikaz karrika beraien antzezlanak eskainiko dituzte.

OTSAILAK 19, igandea

Zaldun Inaute egunean ez da aparteko ekitaldirik inauterien egitaruan, baina hori bai, herriko ostatu eta jatetxeak gainezka izaten dira, hainbat adinetako kinto bestak izaten baitira. Eguerdi partean aperitiboa, ondotik bazkaria eta arratsean poteoarekin segituko dute.

OTSAILAK 20, astelehena

Astelehen Inaute egunean herriko gazteak bi taldetan banaturik batzuk goiko auzoan eta bertzeak beheko auzoan eskean ibiliko dira egun guzian zehar. 08:00etan abiatzen dira eta bazkaria Armitxen eta Usazaleen etxolan egiten du talde bakoitzak. Arratsean herrira itzulera eta poteoa izaten da eta pintxo afaria.

OTSAILAK 21, asteartea

Astearte Inaute eguna izaten da hondarrekoa Etxalarren. Goizean herriari itzulia emanen zaio mozorro eta karrozekin. Aurtengoan berrikuntza bezala, arratsaldeko 18:00etan Beñat akordioilaria ibiliko da ostatuz ostatu eta ilunabarreko 20:00etan taloak izanen dira salgai herriko etxe azpian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun