«Mozorrotua ateratzeak bertze punttu bat ematen du»

TTIPI TTAPA 2012ko otsailaren 9a

Txibi Uterga, pailazoz mozorrotua. Utzitako argazkia

Erremontean koadro alaietan ederki moldatzen da Xanti Txibi Uterga, baina inauterien alaitasunean ere ez da gibelera gelditzen. Hain zuzen, Doneztebeko inauteriak Udalarekin batera antolatzen aritzen den herriko gazte taldearen kide da, Iñaki Telle­txea eta Jokin Arraztoarekin batera. «Lau ttikikeri dira, baina egin beharrekoak», aipatu digu.

 

Nola moldatzen zarete inauteriak antolatzerako orduan?

Gazteak Herriko Etxearekin bildu eta elkar­lanean egiten dugu. Herriko Etxeak ortziralean bazkalondoan izanen dugun musika ordaintzen du eta gero, desfileko ka­rroza eta mozorro onenak saritzen dituzte. Aurten Doneztebarrak Merkatarien Elkar­teak emandako lote bat izanen da saria. Karrozak prestatzeko ere 80 euro eman zituen iaz Udalak.

Aldaketarik izanen da egitarauan?

Orain arte ortzegunean triki-poteoaren ondotik zopak afaldu eta musika pixko bat izaten genuen, baina jende guttiago ibiltzen zenez, orain ortziraleko bazkalondoan paratu dugu musika, bazkaltzeko jende gehiago elkartzen baikara eta aprobetxa­tzeko. Otorduetarako soziedadea ere aldatu dugu. Orain arte, urte pila batean Aranzokon egin dugu eta hagitz eskertuak gaude, baina aurten bertze elkarte batean izanen da. Larunbateko bazkaria berriz Santamarian eginen dugu.

Ortziralean baserrietan eskea egiten duzue. Koadrila handia biltzen zarete?

Bi aldetara joaten gara. Alde batera Casa Mateo, Olabidea, Sarratea eta Luixitorena, eta bertze aldera ere bertze hiruzpalau baserri egiten dugu. Azken urteetan gazte dexente biltzen gara, ez dakit kalkulatzen baina igual 50 lagun, eta erdi eta erdi banatzen gara auzoetan. Giro elegantea sortzen da trikitixarekin, eta urtean zehar elkartzen ez garen koadrillak egun horre­tan denak nahasian ibiltzen gara. Polita izaten da. Eguerdi aldera bi taldeak berriz ere elkar­tu eta Leitzarako bideko taile­rretara joa­ten gara bixitan. Han ere ederki hartzen gaituzte, pastak eta ardo pixko bat eskaintzen diegu eta eurentzat ere, tarte batean lana uzteko aitzaki polita da, esperoan egoten dira. Berriz ere herrira jau­tsi, trago batzuk eta bazkaltzera. Aurten bazkalondoan musika izanen da afal ordura bitarte eta afalondoan bakoitza bere koadrilarekin disfrazatzen da. Trago batzuk hartu eta luzatzen dena arte.

Larunbatean karrozak… Denbora aunitz ematen duzue prestatzen?

Egun horretan goiz bazkaltzen dugu, kopa hartu eta jendea janztera eta karrozari azken ukituak ematera joan dadin. Gero, bortzak izaten dira karrozak abiatu orduko. Zenbat denbora ematen dugun prestatzen? Hori bakoitzak hartzen duen gogoaren araberakoa da. Eguberriak pasatu ondotik, Erregeak eta gero hasten gara pentsatzen, koadrilarekin afaria egin eta gaia zein izaten ahal den erabakitzen. Gure koadrilak bi asteburutan egin dugu aur­tengo karroza.

Antzerki pixko bat ere eginen duzue, ez?

Beti egin behar da teatro pixko bat. Joan den urtean bertze koadrilla batekin “pike” bezalako bat egin genuen, batzuk bakeroz eta bertzeak indioz mozorrotuta. Tonteria batzuk egitea komeni da.

Eta bereziki ongi pasatu zenuelako gogoan duzun karroza edo mozorroren bat?

Nik normalean beti ongi pasatzen dut inau­terietan eta ez dut gogoan horrela disfraz xelebrerik. Urte batean Sanferminetako jantziarekin atera ginen, arropa xuriarekin eta zapi gorriarekin, eta besta egiteko hagitz komodoa eta elegantea izan zen. Batzutan, batere mozorrotu gabe ere eder­ki pasatzen ahal duzu, baina beti laguntzen du giroan sartzeko. Bertze pun­ttu bat ema­ten du eta ez ezagutze ho­rrekin, alukeriak egiteko ere lasaitasuna ematen dizu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun