«Min haundia somatzen nuen eta ezin nuen erremontean segitu»

TTIPI TTAPA 2012ko otsailaren 9a

Urtarrilaren 26an omenaldia jaso zuen Baleztenak –ezkerretik hasita hirugarrena–. Oriamendi

Agur-omenaldia jaso du berriki Galarretan

Esku pilotan Aspe en­presarekin ibili ondotik, 2008ko otsailean egin zuen erremonte pro­fesio­nalerako saltoa Josu Baleztena eran­tsun­darrak. Ez zion, ordea, askorik iraun erremonteko ibilbideak, eskuineko eskumuturrean egindako eskafoide hausturak erremontea uztera behartu baitzuen. Hala, joan den urta­rri­laren 26ko Erremonte Galan agur- omenaldia egin zion Oriamendi enpresak Galarretan. Kontent hartu zuen era­tsunda­rrak hori: «omenaldia jaso­tzeak ilusioa egin dit, ez naiz nabarmendu den horietakoa baina enpresa nirekin oroitu da eta es­pero ez nuen opari polita da».

Urrizarekin bikotea osatuz, Nafarroako Erre­monte Txapelketan ari ze­la hartu zuen min Baleztenak, eskumuturrean jasotako pilotakada baten ondorioz: «ez nin­tzen gelditu. Jokatzen segitu nuen eta finalera ailegatu ginen. Daukadan kirol oroitzapenik hoberena da», dio.

2010eko urrian ebakun­tza egin behar izan zioten eta mar­txoan­ azaldu zen berriz pilotalekuetara. Hilabete eta erdi egin zituen. Mina, baina, jasanezina bihur­tzen ari zen: «esku­mutu­rreko mina ­haun­dia zen eta be­rriz gelditu nintzen. Ezin nuen. Uztail hasieran be­rriz egin zidaten ebakun­tza Madrilen, baina eboluzioa ez zen oso ongi joan eta erretiratzea erabaki nuen».

Eta geroztik ez da askotan joan Galarretara, lesionatua zegoela joaten hasi zelako eta gaizki pasatu zuelako: «jendeak beti galdetzen zidan eta ez nuen ongi pasatzen. Gerora, deskonektatua egon naiz, nire munduan, eta orain, erre­tiratu naizela eta pre­sio hori gabe, Gala­rre­tara joaten hasiko naiz».

Erremontea uzteak pe­­na eman arren, garbi zuen «baldintza haietan ezin nuela segitu. Pilota­ri ematean min haun­dia somatzen nuen». Ebakuntza egin beste erremediorik ez zuela izan ere uste du: «ebakun­tza egin ez banu, lesioak oke­­rrera egin izanen luke. Nahitaezkoa zen». Erre­tiroa goiz aile­gatu bazaio ere, «enpresak nahi ez zaituela­ko uztea okerragoa izanen zela» iritzi dio. Eta gaur egun, erre­montea utzita, Irunen taxi-gidaria da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun