Joan den abenduaz geroztik, Isabel Elizalde Arretxea doneztebarra da Cederna Garalur Elkartearen zuzendari-kudeatzaile berria, elkartetik adierazi dutenez, «lurraldea ondo baino hobeto ezagutzen du, eta eskarmentu handia du landa-garapenean eta enpresa-kudeaketan». Urte berriarekin batera hasi zen lanean eta urtarrilaren 30ean, Zuzendaritza Batzordearekin lehenbiziko bilera egin zuen.
Zuzendaritzaren helburu nagusia hasitako lan-ildoa indartzea eta Nafarroako Mendialdea-LGP programaren 2012rako lehen deia egitea onartzea dira. Erakundea sendotzearen eta indartzearen aldeko apustua egina du zuzendaritzak, eta bide horretan oinarrizko lan-printzipioak lau izanen direla jakinarazi dute: informazioa, komunikazioa, lankidetza eta zonaldearekiko eta bertako eragileekiko zuzeneko harremana.