«Mexikon palan jokatzen probatu nahi dut»

Markel LIZASOAIN 2012ko otsailaren 8a

Miel Mari Urrutia. Utzitako argazkiak

Aldi bateko bada ere, erre­montea utzi eta emaztearekin Mexikora bizitzera joatea erabaki du Miel Mari Urrutiak. Hura dago atzelarietan hoberexkoena, eta Oriamendi enpresak esana dio ateak zabalik utziko dizkiola. Mexikoko bidea hartzea «erabaki zaila» izan dela aitortu du Urrutiak. Eta zaila izanen zen, urte franko egin baititu erremontean. Duela bederatzi urte egin zuen erremonte profesioalerako saltoa, eta lehenagotik, bes­te bi urte aritu zen afizionatuetan. «Zaila izandu da erabaki hau hartzea, baina orain hautsi beharra zen, eta, gogorra izandu bada ere, egin nezakeen hoberena da», adierazi du. Halere, ez du baztertu egunen batean berriz erremontean hastea: «Oraindik gaztea naiz, eta ezin da jakin berriz hasiko naizen edo zer eginen dudan. Enpresak ateak­ zabalik utzi dizkit». Azken partidetako bat Oskar anaiarekin jokatu zuen, Galarretan, eta hagitz berezia izandu zen familia guziaren­tzat.

Mexikora joanda, bere biziak «erabateko buelta» hartuko duela uste du: «Garbi daukat zer egin behar dudan, eta dena aldatuko da. Orain artino, erremontetik bizitzeko zortea izandu dut, lanik egin gabe, eta orain etapa berria hasiko dut, goizetik lana eginez. Aiherrik nago proiektu berriarekin hasteko». Kirola, ordea, ez du alde batera utzi nahi, eta Mexikon jarraitzeko asmoa du: «Erremontea eta materiala eramanen ditut, eta entrenatzen segituko dut. Etxe­tik hurbil badut jokatzeko tokia, eta erremontean ariko naiz. Gerora, palan probatu nahi dut, han franko ongi aritzen baitira palaz. Entrenatuta eta kirola eginda ere, txar­tzea kosta egiten zait eta, deus ere eginen ez banu... Ez naiz geldituko, eta zaindu egin behar dut». Ibilbide berria Me­xikoko hiriburuan hasiko du, familiakoek eta lagunek pres­tatutako agurra jasota.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun