Inoiz baino langabetu gehiago ditu eskualdeak

TTIPI TTAPA 2012ko otsailaren 8a

Duela bi urteko langileen batzarra Saveran. Artxiboko argazkia

Ilbeltzean % 8,92 igo da, Nafarroa osoko bulegoen artean igoera handiena

2011. urte bukaeran 1.200 langabetu zeuden Doneztebeko Enplegu Bulegoan izen emanak. Hilabete beranduago 107 gehiago dira, 1.307. Langabeziko datua ematen hasi zirenetik eskualdeak izan duen kopururik handiena. Nafarroan aunitz igo da langabezia, %6,82, baina eskualdean oraindik bortitzagoa izan da igoera, %8,92koa, Nafarroa osoko bulegoen artean handiena.

Urtarrilean 277 kontratu egin ziren Doneztebeko Enplegu Bulegoaren bitartez, horietatik 34 bakarrik izan ziren mugagabeak.

Adina eta sexuari dagokionez, 25 urtez goitiko gizasemeen artean somatu da gehien lan­gabeziaren igoera, 535etik 590era igo baita langabetu kopurua ilbeltzean, eta adin tarte horretako emakumeen artean ere, abenduan baino 49 gehiago daude langabezian, 566 denetara. 25 urtez beheitiko emakumeetan ere 62tik 67ra igo da lan­ga­betu kopurua eta adin horretako gizasemeetan artean, aldiz, 86tik 84ra jautsi da.

Lan arloei dagokienez, zerbitzuen arloak segitzen du langabe gehien izaten eta urtarrilean, gainera, 748tik 825ra igo da langabetu kopurua arlo horretan. Industria arloan ere 227tik 240ra igo da eta eraikuntzan 140tik 158ra. Nekazaritzan 30etik 31ra igo da lanik gabe daudenen kopurua eta aitzinetik lanik egin ez dutenen artean eman da datu baikor bakarra, 53 lagun baitaude langabezian, abenduan baino 2 guttiago.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun