Euria ere ez da oztopo izan inauterietan giro ederra sortzeko eta inauteriak arrut ongi joan direla esatea ez da gezurra. Larunbateko afariarekin hasi zen inauterietako martxa somatzen. Igandea azken prestaketak egiteko aprobetxatu zen eta astelehenean Iturenera ohiko bisita egin zuten joaldun, karroza eta beste herritarrek. Zubietatik hiru karroza joan ziren Iturenera eta giro polita sortu zen.
Asteartea euripean pasatu genuen, eta beharbada horregatik, aurreko urteetan baino jende gutxixeago etorri zen bisitan. Halere, joaldun eta mozorro asko ikusi genituen, haur, gazte eta heldu.
Aurtengoan 38 lagun bildu dira gazteen elkartean, joan den urtean baino bat gehiago, eta horiek izan ziren asteazkenarekin kontuak egiteko bildu zirenak. Kontuak ere ongi atera ziren eta joan den larunbatean sobranteekin afaria egitekoa zen.
Bestetik, aipatzekoa da, jende asko pasatu dela elkartetik otorduak egitera. Asteartean, esaterako, goizean goizetik mugimendu haundia izan zen eta Patxiku, Maria, Mertxe, Marijose eta Floritak lan asko eta ongi egin zuten. Modestok ere bere akordeoia soinean ederki bete zuen lana.
‘Euskaraz bizi nahi dut’
Kontseiluaren ekimenez, inauterietan Euskaraz bizi nahi dut zioen pankarta bat ere egon da herrian. Euskararen aldeko kanpainaren barne ekarri zuten gurera eta hemendik Tolosako inauterietara eramatekoa omen dute.
Kontrolak
Foru Polizia ere normalean baino gehiago etorri da inauterietan, batez ere asteartearekin. Herrian zein auzoetarako pistetan kontrolak jarri zituzten eta horrekin jendea kexu somatu dugu, deseroso egon direla esan baitigute.