Pasatu berri dira hainbertze esperatu ditugun inauteriak, giro ederrean, gainera. Egun asko izandu dira, baina egunero besta, irri, soinu eta dantzaz estali dira gure herriko xoko guztiak.
Ortzegunarekin hasi eta hurrengo igandera arte izandu ziren, tartean gorputzari atsedenaldi ttiki bat emanez. Egunik ospetsu edo indartsuenak astelehen eta asteartea izandu ziren. Astelehenean Iturenen izaten da hitzordua jarria, eta Aurtizko eta Zubietako joaldunek egiten diete bertakoei bisita, mozorro eta karrozekin batera. Eta aurtengoan joaldun parrasta izandu dira, bertako 22 joaldun, Aurtizko 14 eta Zubietako 18, tartean Iturengo Hartza bere zaintzailearekin ere bai. Karroza eta mozorro politak ere ikusi ziren, erraterako, itsasontzi bat, Aurtizko suhitzaileak, Aurtizko Bordatxo,emakumeak hil eta mundua akitu... Mozorroetan, berriz arrantzaleak, faisan gisako emakumeak...
Asteartean Zubietako herriaren eguna izan zen eta han ere kuadrilla galanta bildu zen, joaldunak, adibidez, denetara 66, bertakoak 24, Aurtiztik 16 eta Iturendik 26. Aurreko eguneko karrozez gain, berriak ere ikusi ziren, Zubietako Barbie bere astoa eta zakurrarekin, haur batzuk kaiolan sartuta... Giro ederra egondu zen bi herrietan, baina, aipatu, joaldunen bisitaren aitzinetik, Aurtitzen ere besta ttiki bat izaten dela.
Momentu politak izan dira, joaldunen elkartzearekin, ez ohiko txokoetan joare eta joaldunak ikustean... Bi egun hauek pasatu ondotik bertze egunetan ere joare soinuak entzuten dira. Aurtitzen, adibidez, asteazkenean eskean ibiltzeko bertako neska gazteek joareak jarri zituzten.
Bi egunetako atsedenaldia egin ondotik, iturendarrak joan den larunbatean ere besta eguna izan zuten, kontuen eguna deitzen diotena. Egun horretan, dantzari, bertsolari, aizkolari eta Frantxiskoren doinuekin eman zioten amaiera inauteriei. Aurtitzen, berriz, larunbat gauean elkartean zaharren afaria egitekoa zen, eta Joxeanjel akordeoilariaren musika doinu artean seguru giro ederra sortu zela. Hurrengo egunean, bestondoarekin, kontuak egin eta bazkariarekin inauteriak agurtzekoak ziren.