‘Sahara sahararrentzat’ dela aldarrikatuko da otsailaren 24ko bestan

Maider PETRIRENA 2012ko otsailaren 8a

Afarira joan nahi duenak otsailaren 19a baino lehen apuntatu behar du

Otsailaren 27a Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoaren alda­rrikapen eguna da. Duela 35 urte aldarrikatu zuen­ saharar herriak erre­publika, 1976ko otsai­laren 26an Espainiako azken soldadua Saharatik atera eta hu­rrengo egunean, hain zuzen. Eta hori modu berezian gogoratu nahi izaten du Saharaztan taldeak. Urtero eskualdeko toki bat aukeratzen du ekitaldiak egiteko eta aurten, Sunbilla aukera­tu du. Otsailaren 24an eginen da besta, Sahara sahararrentzat lelopean.

 

Egitaraua

Arratsaldean hasiko dira ekitaldiak. 17:00etan haurren­da­ko jokoak izanen dira frontoian. Ondotik, 18:30 aldera, elkarretaratzea eginen da plazan Sahara sahararrentzat lelopean. 19:00etan Sahara okupatura brigada izenburupean hitzaldia izanen da Erra­tzuko gazteen eskutik. 21:00­etan afaria eskainiko da, eta saharar erara egindako couscousa dastatzeko aukera izanen da, bortz eurotan. Afaria irekia izanen da eta edozein joan daiteke.

Afarirako apuntatzeko ondoko telefonora deitu behar da: 679 717619. Otsailaren 19a izanen da izena emateko azken eguna.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun