Garun-perlesia dutenek lana eta etxebizitza eskura daukate gurean

Aitor AROTZENA 2012ko otsailaren 8a

Berako Uxane okupazio zentroan ari diren 18 lagunak eta arduradunak. Aitor Arotzena

Hamar lagun bizi dira Berako Maddi erresidentzian

Beran, garun-perlesia eta antzeko arazoak dituen jendearekin 1977tik ari dira lanean Uxanen. XXI. mende hasieran, okupazio zentro horren osagarri modura, gaitasuna zuten pertsonek lan egiteko eta bizitzeko zentru bana irekitzea zen Uxaneren helburua. Xede horiek betez, 2002an, Lesakako Enplegu Zentro Berezia inauguratu zen eta 2007tik Maddi Erresidentzian bizi dira 10 lagun.

 

Garun-perlesia eta antzeko aldaerak dituzten pertsonak lagun­tzeko Nafarroako Elkartea, Aspace Navarra, 1971ko apirilaren 14an sortu zen Iruñean.

Beran, 1977an sortu zen Uxane, Isabel Pardo arduradunak aipatu digunez. Garun-per­lesia zutenen senide­ak mugitzen hasi ziren Gipuzkoako Aspacerekin lehenik, baina Nafa­rroako Gobernuak es­kain­tzen zituen lagun­tzak ezin zituzten eskuratu eta Nafarroako Aspacen sartu ziren, 1978­tik ai­tzinera. Hasieran hezkuntza bereziko zentroa zen eta haur ttikiak izaten zituzten. Baina arazo hauek dituzten ikasleak ikaste­txe arrun­tetan integra­tzeko legea egin zen 1989-90 ikasturtean eta orduan eskola publikora pasatu ziren eta Uxa­ne okupazio zentro bihurtu zen.

Gaur egun, Berako Uxane Okupazio Zentroan hemezortzi lagun ari dira. Gehienek ez dute lanpostu arrunt batean aritzeko aukerarik, baina egunkari baten enkuadernazioak eta Alcorendako muntaia lanak egiten dituzte. Uxa­neko helburuetako bat, etorkizunean Enplegu Zentro berezian sar­tzeko lan gaitasunak garatzea da, lan taldean aritzea, lanarekiko ardura, puntualitatea… Bertze helburu bat eguneroko bizitzan ezgaitasuna duten pertsonen autonomia sustatzea li­tzateke, eguneroko bizimoduan suertatzen diren zenbait egoera landuz, «sukaldaritza, ingurua garbi eta txukun mantentzeko aktibitateak, karrikan ibil­tzeko gaitasuna lan­tzea… Azken helburua, beraien integrazio soziokulturala bultzatzea litzateke.«Horregatik zen­troa herri erdigunean dago eta burutzen diren zenbait jarduera herriko hainbat instalazio erabiliz egiten dira, beti ere normalizazioa bilatuz». Honela, igeriketa Lesakako kirol­degian egiten dute, gimnasia Berakoan, antzerkia Berako Kultur Etxean, kultur jardueratan parte hartzen dute…

 

Maddi Erresidentzia etxebizitza funtzionala

2007an zabaldu zen Berako Maddi Erre­si­den­tzia etxebizitza fun­tzio­nalak hamar bizilagun ditu egun. Itziar Igoa zuzendariak aipatu digunez, «etxebizitza fun­tzionaltzat har­tzen da urritasunak dituzten pertsonak elka­rrekin bizi diren etxebizitza, ha­rre­man eta elkarbizitza dinamikak familia izaerakoak direnean». Ma­ddi Berako he­rri­­gu­ne­an dago, Osasun Zen­tro­­aren gaineko bi pisu­e­tan, «erabil­tzaileen integrazioa herrian bul­tzatzeko. Zerbait behar dutenean dendara joaten ahal dira erostera. Hasieratik garbi zegoen ezin zela bazter batean edo auzo batean egin eta ikustezinak bihurtu», aipatu digu Igoak. Honela, eskualdean dauden baliabideekin koordinazioa eta lagun­tza er­razten du, izan osasun-zerbi­tzuak, gizarte arlokoak, kultur jar­duerak, aisialdikoak… 18 eta 65 urte arteko helduentzako 16 leku ditu Maddik, nahiz eta gaur egun 10 lagun bizi diren. Urteko 365 egunetan dago zabalik, zortzi langilerekin.

Berako Uxanen okupazioa eta Maddin etxe­bizitza baldin badute, Lesakako Enplegu Zentro berezian, brigadetan eta Lekarozko aterpetxean soldatapeko lanerako aukera dute bertze lanbideetan ari­tzeko zailtasunak izanen lituzketen 30 per­tsonak. Aunitz gelditzen da egiteko, baina per­tsona hauen oinarrizko premiak asetzen dira, modu honetan.

 

UXANE OKUPAZIO ZENTROTIK ABIATU ETA ASPACEK BAZTAN-BIDASOALDEAN ESKAINTZEN DITUEN BERTZE ZERBITZUAK

 

GARBIKETA-LOREZAINTZA BRIGADAK

Zortzi laguneko lan taldea ari da karrikak garbitzen eta lorezaintza zerbitzua eskaintzen

Garbiketa eta lorezaintza brigaden zerbi­tzua, 2005. urtean sortu zen. Garai hartan, Lesakako Enplegu Bereziko Zentroak kanpoko enpresetatik hartzen zituen zenbait lan egiteari utzi zion, bertako langile guztientzat lanik ez izatea bultzatuz. Beraz, Aspace irtenbideen bila hasi zen, eta Zerbi­tzu arloko zenbait lanetan hastea erabaki zuen. Horregatik, Berako eta Lesakako udaletxeek prestatutako zenbait lehiaketetan parte hartzen hasi zen, eta aipatutako urtean, lorezaintza eta garbiketa lanak egiteko kontratua eskuratu zuen. Orain, berdeguneak eta lorategiak mantentzea eta zuhaitzak kimatzeko lanak egiten ditu, baita kanposantuak mantentzea eta karri­kak mantentzea ere. Honetaz gain, Arcelor Mittal lantegiko garbiketa, Funverako pasabideen garbiketa, Elizondo eta ber­tze zenbait herrietako mantenu eta lorezain­tza eta norbanakoek eskatutako lorezain­tza zein mantenu lanak egiten dituzte. Zor­tzi laguneko lantaldea da eta batek izan ezik, gainontzeko guztiek dute ezgaitasunen bat. Izan ere, zerbitzu honek bi helburu ditu: ez gaitasuna duten pertsonak enplegu normalizatu batean sartzea bideratu eta, ber­tzetik, karrikan lan egiten dutenez, gizarteak gai honekin duen sentsibilitatea handitzen du. Diru-laguntzaz gain, Maddi erresidentzia, Uxaneko obrak, nahiz brigadetako kamioia eta garajea erosteko Etxalarko Patxi Barandiaran Exkuturen aportazioa nahitaezkoa izan da. Laguntza esker­tzeko, bere emazte zen Maddi Txoperenaren izena jarri zaio Erresidentziari.

 

LESAKAKO ENPLEGU ZENTRU BEREZIA

Hamar langile eta bi arduradun, ikuztegi industrialaren lanak egiten Lesakan

Lesakako Enplegu Zentro Berezia 2002ko ekainean inauguratu zen. 10 langile eta 2 ardu­radunekin hasi zen eta hamar urte beranduago ere plantilla bera dauka lanean. Baina izan da aldaketarik. Juanma Aranibar arduradunak aipatu digunez, «aldaketarik nabarmenena ibilgailuekin zerikusia zuten lanak egitetik, garbitegi edo ikuztegi batean lanean aritzea izan da. Hasiera batean autoen piezak egiten genituen, hain­bat pieza montatzen eta modu horretako lanak egiten ziren. Gaur egun garbitegi batean gaude». Izan ere, zuzendaritzak ibilgailuen industriaren menpe ez egotea eta zerbitzuetako lan sek­to­rera pasatzea erabaki zuen. «Gaur egun gauzak nola dauden ikusirik, erabaki zuzena hartu zela pen­tsatzen dugu», dio Aranibarrek.

Duela hiru urte, enplegu zentro bereziak kri­sialdi garrantsitsua pasa zuen, baina Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin posi­ble izan zen segitzea. Gaur egun ere, ber­tze espa­rruetan bezala, egoera ez da ona, baina oraingoz lanean segitzen dute. Langileek aunitz baloratzen dute bere lana, «bakoi­tzaren ahalmena eta trebetasunera egoki­tzen saiatzen baikara –aipatu digu arduradunak–. Lana egin eta diru-saria lor­tzea nornahirentzat garrantzitsua baldin bada, ezintasuna daukan pertsonen­tzat orain­dik garrantzitsuagoa da. Horrek, independentzia ekonomikoa emateaz gain, gizarteratzen laguntzan baitie gure langileei». Bezeroen aldetik ere, orain arte ez dutela kexarik eduki jakinarazi digu Aranibarrek, «eta horrela segitu nahi genuke».

 

LEKAROZKO BAZTAN ATERPETXEA

130 lagunendako aterpea eskaintzen duen eraikinean hogei langile ari dira Lekarozen

Nafarroako Kirol eta Gaztediaren Institutuak eta Aspacek 2003ko maiatzaren 2an sinatutako kontratuaz geroztik, azken erakunde honek kudeatzen du Lekarozko Kolegioan dagoen gazteen aterpea. Aspace izan zen, hain zuzen, lehiaketa irabazi zuen enpresa. 16 lagunekin hasi ziren lanean orduan, baina Patxi Zamora arduradunak aipatu digunez, «gaur egun 20 lagun ari gara eta hiru sukaldarietatik bi eta zuzendaria izan ezik, gainerako guztiek badaukagu ezintasunen bat, ez halabeha­rrez garun-perlesia, baina bai bertze lanetan aritzeko zailtasunak». Hortaz, Enplegu zentro berezia da Lekarozkoa ere. 130 lagunendako aterpea eskain­tzen da Lekarozen, jangela, kafetegia, 45 me­tro koa­droko logelak sei ohatzerekin baita bainugela duten logela bikoitzak ere. Gainera, aterpeaz gain, Balleko Etxeko, udal liburutegiko, kultur etxeko eta komuna publikoetako garbiketa lanak egiten dituzte. Gazteen Aterpetxea izan arren, nahi duen orok badu lekua, eta «familiak, errugbi taldeak, ikasbidaietako ikasleak, denetarik izaten dugu, Errealeko jubenilak ere izan ditugu udan, aurredenboraldia prestatzen», dio Zamorak. Okupaziorik handiena uztaila eta abuztuan izaten dute, «baita Aste Santuan eta udaberrian egiten den Aste Berdean ere», Ana Rivas zuzendariak jakinarazi digunez. Garai batean Iruñaldeko langileak ere aritu ziren Lekarozko aterpe­txeko enplegu zentro berezian, baina «gaur egun guztiak Baztan aldekoak» direla aipatu digu Patxi Zamorak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun