Aljeriako Tindouf eskualdeko desertuan dagoen errefuxiatuen kanpamentua utzi, eta duela bortz urte etorri zen Nafaa Salem (Sahara, 43 urte) Doneztebera. Saharaztan elkartearen Udako oporrak bakean proiektuarekin, bere alabetako bat udan etxean hartu izan du harrera familia batek eta familia horren bidez ailegatu zen gure artera, gaixorik duen alaba bat hemen sendatzeko itxaropenez. Sendatze prozesua luzerako izan daitekeenez, lana bilatu eta hemen gelditzea erabaki du. Gaur egun, emaztea eta bortz alabekin bizi da.
Zein egoeratan daude Sahara okupatuan?
Izenak nahikoa erraten du. Ez dute eskubide politiko eta zibilik. Zanpatuak bizi dira, askatasunik gabe eta lan eta etxebizitza duin bat lortzen azkenak dira. Komunikabideek ez dute sarbiderik, baina han izan direnek kartzela dela diote.
Eta kanpamentuetan?
Saharako errefuxiatuak joan arte hor ez zen inor bizi, indigenentzako ezinezkoa zelako. Baina sahararrak behartuak zeuden. 1975ean Espainiak Mendebaldeko Sahara Maroko eta Mauritaniari utzi zienetik, nazioarteko laguntza humanitarioei esker bizi dira. Erakunde aktiboak badira Europan, baina Marokok, Frantziaren babesarekin, Saharak Europarengandik lortzen duen laguntza geldiarazi nahi du. Aldi berean, Fronte Polisarioa ahal den guztia egiten ari da baldintza horietan bizitzeko guttieneko bat izan dezaten. Ahalik eta gehien jasan behar dugu, helburua lortu ahal izateko: independentzia.
Zertan ari da Espainia?
Espainia ofizala desesperagarria da. Espainiar herria, aldiz, bertzelakoa da, eta beraien laguntzari esker biziraun dugu. 1975era arte Espainiako okupazioaren menpe ia ehun urte bazituen Saharak, eta horietatik 30 urte Espainiako probintzia gisa. 1975ean, Fronte Polisarioaren eta Nazio Batuen presioarekin, erreferenduma antolatu nahi izan zen, espainiar hiritar ala independente izan nahi genuen galdetuz. Baina bat batean, Espainiak akordioa sinatu zuen Maroko eta Mauritaniarekin Mendebaldeko Sahara beraiei uzteko. 1975eko akordioak deklaratu gabeko alderdia du sekretuan, ekonomikoa. Urte luzez borrokatu ondotik, Mauritaniak amore eman zuen, baina Marokok ez.
1991n konponbide baketsurako su-etena hitzartu zuten bi aldeek...
Alde aunitz daude. Batetik, Nazioarteko Komunitateak ez du nahikoa egin. Irakek Kuwait hartu zuenean, bi egunez arazoa konpondu zen eta hemen ia 200 urte badira antzeko kasua konpondu ezinik. Bigarren aldea Espainia da. Nazioarteko legearen arabera, lurraren arduradun administratiboa izaten segitzen du baina eskuak garbitu bertzerik ez ditu egin. Espainiak lehenbailehen konpondu behar du Sahararekin egin zuen traizio historikoa. Guttienez, Marokori armak ez saltzeko, Saharako baliabide naturalak ez ustiatzeko eta etsaia ez babesteko eskatzen diogu. Eta alderantziz egiten du. Hirugarren frentea gu gerone gara. Faktore aunitz izan ditugu aurka baina herriaren borroka aipatzekoa da. Gure lurraldeko zati haundi bat liberatzea lortu dugu AEB, Frantzia, Espainia eta Arabiar herrialdeen babesa duen Marokoren aurka. Marokorekin su-etena ere sinatu zen 1991n eta hurrengo puntua erreferenduma zen: sahararrak ala marokoarrak izan nahi dugun. Baina ez da egin. Fronte Polisarioak aukera bat baino gehiago eman dizkio Marokori: erabateko integrazioa, independentzia edo autonomia eta azkenaren alde egin du. Baina monarkia absolutuaren barne, autonomia infernua da.
Beraz, zein da bidea?
Negoziatzeko nahikoa denbora pasatu da eta ez da deus ere egin. Gehienon ustez, zerbait egiteko ordua da. 1975ean, Maroko sahararrak bonbardatzen hasi zenean, Nazioarteko Komunitateak ez zuen deus erran. Eta guri, zanpatuoi, zerbait egitea tokatu zaigunean, terroristak garela erraten digute. Armekin okupatu gintuzten, erdiak hil zituzten, milaka umezurtz utzi, milaka ezindu... Ezin dugu min gehiago jasan. Saharar herriak armak hartu behar ditu eta borrokan segitu.
SAHARAR HERRIA BANATUA
«Sahararrak lau zatitan banatuta gaude. Batzuk Marokoren menpe Sahara okupatuan; bertze zati bat liberatutako eremuetan; Marokoren inbasioetatik ihes egin zutenak errefuxiatuen kanpamentuetan daude; eta laugarren zatia, kanpoan»
ALDARRIKAPEN EGUNA
Otsailaren 27a Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoaren aldarrikapen eguna denez, hilaren 24an ekitaldiak antolatu ditu Saharaztanek Sunbillan.