Patziku Perurenak irabazi du Larramendi Ikerketa Saria

TTIPI TTAPA 2012ko otsailaren 7a

“Unaia galdu eta artzaia ugaldu (1780-1810)” izeneko egitasmoarengatik eskuratu du saria

Leitzan bizi den Patziku Perurena idazle goizuetarrak irabazi du Manuel Larramendi Kutur Bazkunak antolatutako Ikerketa Saria. Lehen aldiz antolatu dute lehiaketa, eta Perurenak 6.000 euro jasoko ditu horrela ikerketa egitasmoa burutu ahal izateko. Perurenak Unaia galdu eta Artzaia ugaldu (1780-1810) izeneko egitasmoarengatik eskuratu du saria.

Leitzan bizi den Patziku Perurena idazle goizuetarrak irabazi du Manuel Larramendi Kutur Bazkunak antolatutako Ikerketa Saria. Lehen aldiz antolatu dute lehiaketa, eta Perurenak 6.000 euro jasoko ditu horrela ikerketa egitasmoa burutu ahal izateko. Perurenak Unaia galdu eta Artzaia ugaldu (1780-1810) izeneko egitasmoarengatik eskuratu du saria.

Hain zuzen ere, proposatu duen ikerkizunaren jatortasunagatik, bere baitako erronkagatik, agirien iturri historiografikoak aberastuko dituen ereduzko landa-lana izateagatik eta, azkenik, egileak gisako lanetan duen eskarmentu handiagatik saritu dute.

Izan ere, Perurenak besteak beste Nafarroako Baztan aldeko eta Gipuzkoako Beterriko udaletako agiriak aztertuz honako tesia frogatu nahi du: aipatu eskualdeetan eta haien arteko harreman-gune zen Leitzalarrean nagusi zela Erdi Aroaz geroztik eta XVIII menderaino behi-taldeekiko unaien abeltzaintza jarduera eta horien sarobeetarako joan-etorriarena, eta ez euskal gizarteko iruditerian hain erroturiko artzaintzaren irudia, beti ere unaien jarduera ekonomikoa aipatu sarobeen kudeaketa eta errealitateari lotuz.

Perurenaren hitzetan bere ikerlanaren bidez azaldu nahi du “eskualde honetan burdinolen gainbeherarekin bateratsu Amerikatik ekarritako artoak eragindako artalur/baserri sistema berria indartu ahalean nola agortu zen Erdi Arotik zetorren behi/unai/sarobe sistema zaharra, eta nekazal sistema berri honen ondorio eta hedapen gisara gailendu zela gero ardi/artzai/ardiborda sistema, maila bajuagoko bordari/maizter jendeen artean”. Aski ezaguna da Patziku Perurenaren sorkuntza euskal literaturazaleentzat, olerkia, narrazioa, kazetaritza, baina, batez ere, literatura saiakera landu baitu, eta Manuel Larramendi Saria jaso dituen sarien zerrenda luzean azkena baizik ez da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun