2011. urte bukaeran 1.200 langabetu zeuden Doneztebeko Enplegu Bulegoan izen emanak. Hilabete beranduago 107 gehiago dira, 1.307. Langabeziko datua ematen hasi zirenetik eskualdeak izan duen kopururik handiena. Nafarroan aunitz igo da langabezia, %6,82, baina eskualdean oraindik bortitzagoa izan da igoera, %8,92koa, Nafarroa osoko bulegoen artean handiena.
Urtarrilean 277 kontratu egin ziren Doneztebeko Enplegun Bulegoaren bitartez, horietatik 34 bakarrik mugagabeak.
Adina eta sexuari dagokionez, 25 urtez goitiko gizasemeen artean somatu da gehien langabeziaren igoera, 535etik 590era igo baita langabetu kopurua ilbeltzean, eta adin tarte horretako emakumeen artean ere, abenduan baino 49 gehiago daude langabezian, 566 denera. 25 urtez beheitiko emakumeetan ere 62tik 67ra igo da langabetu kopurua eta adin horretako gizasemeetan artean, aldiz, 86tik 84ra jautsi da.
Lan arloei dagokienez, zerbitzuen arloak jarraitzen du langabe gehien izaten eta urtarrilean, gainera igoera ikaragarria jasan du arlo horrek, 748tik 825ra igo baita langabetu kopurua. Industria arloan ere 227tik 240ra igo da eta eraikuntzan 140tik 158ra. Nekazaritzan 30etik 31ra igo da lanik gabe daudenen kopurua eta aitzinetik lanik egin ez dutenen artean eman da datu baikor bakarra, 53 lagun baitaude langabezian, abenduan baino 2 guttiago.