Migel Mari Urrutiak denbora baterako erremontea uztea erabaki du

TTIPI TTAPA 2012ko otsailaren 2a

Atzelarien artean onena izanik utziko du erremontea Migel Mari Urrutiak. Utzitako argazkia

Larunbatean jokatuko du hondarreko partida eta Mexikora joanen da bizitzera

Gaur egungo erremonte profesionalean, atzelaririk onena den Migel Mari Urrutia saldiastarrak denbora baterako erremontea uztea erabaki du, «arrazoi pertsonalak» tarteko Mexikora bizitzera joatea erabaki duelako.

Gaur egungo erremonte profesionalean, atzelaririk onena den Migel Mari Urrutia saldiastarrak denbora baterako erremontea uztea erabaki du, «arrazoi pertsonalak» tarteko Mexikora bizitzera joatea erabaki duelako.

Otsailaren 4ean, larunbatean jokatuko du hondarreko partida Urrutia I.ak, baina hori baino lehen, urtarrilaren 28an Oskar anaiarekin batera jokatu zuen, anaia gazteenak 2010ean profesionaletan debutatu zuenetik lehenbiziko aldiz. Baita irabazi ere. Urtasun eta Aizpurua II.aren kontra 40-38 irabazi baitzuten Urrutia anaiek. Oriamendi 2010 enpresak, bere aldetik, Saldiasko atzelariaren lana eskertu nahi izan du eta «egunen batean itzultzea erabakiko balu, ateak zabalik izanen dituela» adierazi du.

Ibilbide berria Mexikoko hiriburuan hasiko du. Otsail erdirako joateko asmoa zuen, baina familiakoek eta lagunek agurra prestatu diotenez, otsail hondarrera atzeratu du. Hain zuzen, larunbat honetan egitekoa dute despedida Doneztebeko Santamaria jatetxean.

Aurretik, aipatu bezala, bi partida jokatuko ditu. Otsailaren 2an, ortzegun arratsaldeko 16:00etan Galarretan hasiko den jaialdiko bigarren partidan, Juaristirekin batera ariko da, Zeberio II eta Etxeberria III.aren kontra.

Jaialdiko lehen partida, Juanmartiñena eta Zubizarreta, Urrutia II eta Saldiasen kontra ariko dira. Hirugarrenean, Urtasun eta Lizaso, Uterga eta Ionen kontra eta laugarren partidan, Matxin VI eta Aizpurua II, Zulaika eta Barrenetxea IV.aren kontra.

Otsailaren 4ean, larunbatean jokatuko du Migel Mari Urrutiak bere azken partida eta ETBko kamerak ere Galarretan izanen dira.

 

MIEL MARI URRUTIA ➜ ERREMONTEA UTZI ETA MEXIKORA DOA

«Mexikon palan jokatzen probatu nahi dut»


Bizitzen ari zaren astea berezia izanen da…

Bai noski. Bi partida jokatzea gelditzen zait, jendeak badaki banoala eta nitaz despeditzen ari da. Polita da jendeak adierazten didan guzia, baina gogorra ere bada aldi berean.

Zaila egin zaizu erabakia hartzea?

Oso zaila egin zait. Bederatzi urte egin ditut erremonte profesionalean, bi gehiago afizionatutan, baina orain hautsi beharra zen, eta, gogorra izandu bada ere, egin nezakeen hoberena da.

Betirako utzi duzu edo erremonte profesionalean ariko zara berriz ere?

Nork esango zidan edo nork pentsatuko zuen orain denbora gutxi utzi egingo nuela. Oraindik gaztea naiz, eta ezin da jakin berriz hasiko naizen edo zer eginen dudan. Enpresak ateak zabalik utzi dizkit.

Larunbatean anaiarekin jolasteko ametsa bete zenuen…

Frontoi laburrean bitan arituak ginen elkarrekin, baina Galarretan inoiz ere ez. Familia osoarentzat berezia izan zen. Ilusio handia egin zigun eta egin nahi genuen zerbait bete zen. Oskarrek ez zuen gau osoan lorik egin. Urduri zegoen honelako mailako partida batean ez zelako inoiz aritu eta ederki aritu zen.

Frontoian nabarituko da zure hutsunea…

San Miguel eta ni gaude orain atzeko koadroetan nagusi, gero Etxeberria III eta Lizaso daude, beteranoak eta garbi esanda, enpresarentzat aberia kozkorra da nik uztea. Pentsatzen dut nere hutsunea nabarituko dela.

Mexikoko bizi berrian zer egin behar duzun pentsatua duzu?

Garbi daukat zer egin behar dudan, eta dena aldatuko da. Orain artino, erremontetik bizitzeko zortea izandu dut, lanik egin gabe, eta orain etapa berria hasiko dut, goizetik lana eginez. Aiherrik nago proiektu berriarekin hasteko.

Kirola erabat utziko duzu edo zerbait egiten segituko duzu?

Erremontea eta materiala eramanen ditut, eta entrenatzen segituko dut. Etxetik hurbil badut jokatzeko tokia, eta erremontean ariko naiz. Gerora, palan probatu nahi dut, han franko ongi aritzen baitira palaz. Entrenatuta eta kirola eginda ere, txartzea kosta egiten zait eta, deus ere eginen ez banu... Ez naiz geldituko, eta zaindu egin behar dut.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun