Laxoa Elkarteak hamabigarren urtez antolatutako Baztan Errekako paxaka txapelketako finala jokatu zen otsailaren 4ean Iruritako Aranabia pilotalekuan. Joan den urtean bezala, Iruritako bi talde izan ziren aurrez aurre eta normala ere bada, txapelketan parte hartu duten zortzi hirukoteetatik zazpi bertakoak baitziren. Bertzea, Oizkoa.
Finala ikusgarria suertatu zen. Miguel Garate, Joseba Urtasun eta Joxe Mari Salaburuk osatutako Irurita E eta Oscar urrutia, Xabier Ripa eta Miguel Angel Iñarreak osatutako Irurita A nor baino nor aritu ziren. Irurita E 2-0 aitzinetik jarri zen, baina bina berdindu zuten Akoek. 3-2, 3-3 eta 4-3koaren ondotik, lehen aldiz markagailuan aitzinetik jarri zen Irurita A (4-5). Baina Irurita Ekoek lau joko segidan egin zituzten, kasik bueltaezina ematen zuen 8-5era ailegatuz. Baina Irurita Akoek beterania eta kasta ateraz zortzina berdindu zuten. Beraz, azken jokoak erabaki zuen txapela eta azken honetan Irurita Ekoak nagusitu ziren. Beraz, Miguel Garate, Joseba Urtasun eta Joxe Mari Salaburu txapeldun.
Aitzinetik, hirugarren posturalo lehia ere polita eskaini zuten Iruritako bertze bi taldek. Azkenean, Guillermo Etxenikek, Iñaki Zabaletak eta Miguel Bidegainek osatutako hirukoteak 9 eta 6 irabazi zion Mikel ballarenak, Jexux Etxenikek eta Cesar Sarrateak osatutakoari.
Partiden ondotik, lau lehenbizikoei txapelak eta sariak banatzen Iruritako Aranabia Kirol Taldeko Maribel San Jose eta epaile lana ere bete zuen Josu Prim aritu ziren. Txapelketa akitzeko, pilotari eta lagun guztiak afari batean elkartu ziren.