Nafarroako bertsolari txapelketak atseden hartuko du aurten. Haren lekua hartu du Bardoak 2012, Nafarroako taldekako bertso ekimenak. Ekimen berria bertsozaleei elkarte giroko bertso saio hurbilak eta aldi berean kalitatezkoak eskaintzeko helburuarekin sortu da.
Bardoak herrietako gertaerak eta kultura zabaltzen zituzten Erdi Aroko kantariak ziren. Haien izena hartu du Nafarroako taldekako bertso ekimenak. Txapelketak nobedade ugari ditu: saio motak eta horien ezaugarriak, egin beharreko lanak, taldeen osaketa, saioak epaitzeko formula… Horrekin guztiarekin bertsozaleari bertsolaritzaz gozatzeko aukera ezberdina eman nahi zaio, informalagoa, gertukoa. Ekimena auzolanean, talde lanean oinarritzen da. Taldeek gutxienez bortz partaide dituzte: hiru bertsolari, gai-jartzaile-aurkezle bat eta taldeko ordezkaria. Talde berean bertsolari beteranoak gazteekin, hasiberriekin nahasi dituzte. Bertsolariak haien artean banatu beharko dituzte saioetan egin beharreko ariketak. Gainera, bertsotan aritzeaz gain, epaile lanak egin beharko dituzte. Beste multzotako taldeen lana epaituko dute. Ikusleek ere zer esana izanen dute.
Txapelketaren egitura Bardoak ekimenean 17 talde eta 99 parte-hartzaile izanen dira, haietatik 51 bertsolariak. Ohiko txapelketan 30 bat bertsolari lehiatzen dira, beraz, aurpegi berri asko ikusteko aukera izanen da. Taldeak hiruko 6 multzotan banatu dituzte. Bertso ekimenak 24 saio izanen ditu, hiru fasetan banatuta. Lehen fasean (urtarrilaren 27tik otsailaren 19ra, 17 saio), taldeak multzo berekoen aurka lehiatuko dira. Multzo bakoitzean nagusitzen dena bigarren fasera pasatuko da (martxoaren 2tik 18ra, 6 saio). Bigarren faseko hiru talde onenak martxoaren 31n Leitzan jokatuko den final handira iritsiko dira. Nafarroako bertsolaritzaren eta euskal kulturaren festa handia izatea espero dute.
Ortziralean Iruritan, Donezteben eta Lesakan, larunbatean Elizondon
Eskualdeko lehenbiziko saioak otsailaren 3an eta 4ean jokatuko dira. Ortziral arratseko 20:00etan bertso merendua eginen da Doneztebeko Kasinoan eta Jituk taldea (Egoitz Gorosterrazu, Ander Fuentes “Itturri” eta Maialen Belarra), Beteranoak taldearen kontra (Saioa Alkaiza, Ander Baiano eta Mikel Lasarte) ariko dira.
Ortziral arratseko 21:00etan Iruritako Gizarte Etxean Bar-ideak taldea (Jon Elizetxe, Iñaki Aleman eta Kotte Plaza), Beratarrak taldearen kontra (Julen Zelaieta, Patxi Castillo eta Aitor Elexpuru) ariko da. Sarrera 3 euro kobratuko da.
Ortziral arratseko 21:00etan bertso afaria izanen da Lesakako Arrano elkartean eta Altzuri, Edurnezuri eta amaordeak taldea (Iban Garro, Josu Sanjurjo eta Ioar Tainta), Xirristi-Mirristiren kontra ariko da (Xabier Terreros, Asier Saragueta eta Xabi Zarraluki). Afarirako txartelak 15 eurotan salgai daude eta saiora bakarrik joan nahi duenak 3 euro ordaindu beharko ditu.
Larunbat arratsaldeko 19:00etan, Elizondoko Arizkunenea Kultur Etxeko ganbaran, Lepatanatuek taldea (Jon Barberena, Oier Amiano eta Xabi Maia), Hautsi ta barratu taldearen kontra (Arkaitz Goikoetxea, Oier Lakuntza eta Haizea Beruete). Sarrera 3 euro kobratuko da eta ondotik, afari-merendua eginen da Falfarak elkartean.