Akitu dira aurtengoz joaldunen harat-honat jendetsuenak. Asteartean, 66 joaldun elkartu ziren Zubietan, 26 herrikoak, 24 Iturengoak eta 16 Aurtizkoak. Baita etorkizuna segurtatzen duten bertze hamar mutiko ere.
Eguerdi partean hasita zakarkeriak egiten aritu ziren mozorroak uxatu zituzten arratsaldeko 15:00ak aldean Zubietako plazara euripean ailegatu zirenean. Zubietako joaldunen artean bortz emakume ere baziren. Gehienak gazteak ziren, baina baita beterana bat ere, 45 urteko Juli Loiarte. Bere alaba jaio zenean utzi zion joaldun ateratzeari, baina 18 urte zituenean, Juli bera, Izaskun Santesteban, Mari Joxe Otxandorena eta Sagrario Etxekolonea izan ziren joaldun atera ziren lehen emakumeak.
Hondar egunak
Joaldunen harat-honat jendetsuenak akitu dira, baina oraindik zubietarrek azken bixita eginen diete Aurtitz eta iturendarrei otsailaren 1ean, asteazken ilunabarrean. Zubietan egun hau izaten da inauterietako azken eguna. Bazkaldu ondotik kontuak egiten dira eta ondotik joareak jarri eta Aurtitz eta Iturendarrei azken bisita egiten zaie ilunabarrean. Aurtiztar eta iturendarrak asteazkenean bazkaria eta arratsaldean etxez etxe ibiliko dira joare eta trikitilariekin. Ondotik afariak izanen dira elkarteetan.
Otsailaren 4ean, larunbatean, Kontuen eguna izanen da Iturenen Inauterietako azkena. Egun horretan ez da joarerik jotzen. Inauteriak akitu eta hurrengo larunbatean egin ohi da Iturenen eta Aurtizen igandean. Iturenen bazkaria izanen dute Herriko Etxean. Bazkaldu aitzinetik herriko dantzariak bertsolariak eta aizkora apostua izanen dira herriko plazan. Bazkaldu ondotik dantzaldia eta kontuen afaria. Aurtitzen xaharren afaria eginen dute igandean.