Aspaldiko ohitura berritu zen eta Inauteri Astelehenean, Zubieta eta Aurtizko joaldunak Iturenera bixita egin zuten eta Iturengo joaldunen harrera beroa jaso zuten. Denera 54 joaldun atera ziren, 22 Iturengoak, 14 Aurtizkoak eta 18 Zubietakoak.
Iturengo inauterietako egun handia goizean goiz hasten da, Herriko Etxeko ganbaran egiten den gosariarekin. Mozorroak eta hainbat lagun ederki gosaltzen segitzen duten bitartean, joaldunak eta laguntzaileak janztera altxatzen dira. Pulunpak gerri bueltan ongi estutu, bizkarlarrua eta gonazpikoa paratu, ttuntturroa, isopua… Urtetik urtera errepikatzen den prozesua eta urtetik urtera ikusle eta kamera gehiago biltzen duen ikuskizuna. Aurtitzen eta Zubietan ere lan berean aritzen dira joaldunak, baina astelehenean bederen, lasaiago.
Ganbaran jantzi ondotik, puxka biltzera atera ziren herrian barna, salda hartu eta Latsagako zubira abiatu ziren, zubietar eta aurtiztarrei ongietorria ematera. Joare soinuak goizeko behelainoa ere uxatu zuen eta, hotza egin arren, eguzkia agertu zen Iturenen.Bien bitartean, plazan mozorroak beraien zakarkeriak egiten hasi ziren, hori bai, joaldunak agertu eta uxatu dituzten arte.
Asteartean Zubietara
Asteartean, Zubietara bixita bueltatuko dute Ituren eta Aurtizko joaldunek. Kontuak egiteko tenorea ailegatuko da orduan. Zubietan asteazkenean egiten dituzte, bazkalondoan. Iturenen heldu den larunbatean eginen dute eta Aurtizen igandean.