Iberdrolak Arizkungo Bozate auzoko transformadorean egindako obren baimenaz galdetu dio Baztango NaBaik alkateari

TTIPI TTAPA 2012ko urtarrilaren 27a

Udal ordenantza betetzen duela justifikatzea eta indarrean dagoen araudia aldatu ote den galdetzen diote

2011ko buruilaren 16ko Tokiko Gobernu Batzordeak Iberdrola enpresari Arizkungo Bozate auzoan dagoen transformazio zentroa berritzeko emandako obra baimenaren gainean zenbati galdemodu egin dizkio Baztango NaBaik alkateari.

2011ko buruilaren 16ko Tokiko Gobernu Batzordeak Iberdrola enpresari Arizkungo Bozate auzoan dagoen transformazio zentroa berritzeko emandako obra baimenaren gainean zenbati galdemodu egin dizkio Baztango NaBaik alkateari.

Honela, baimena ematean, Baztango hiri lurzoruan transformazio zentroak kokatu eta eraikitzeko eta hiri lurzoruan eta lur zoru urbanizagarrian etxebizitzarako erabilera duten jarduerak arautzen dituen ordenantza betetzen dela justifikatzea eskatu du Nabaik. Eraberean, baimena emate honetan udal irizpideen ustezko aldaketa justifikatzea ere eskatu diote alkateari. Izan ere, obra hori dagoeneko gauzatu dela ikusirik, “zer aldatu da indarrean dagoen araudian 2011ko ilbeltzetik buruila bitartean Bozateko transformazio zentrorako obra baimena eman ahal izateko?” galdegiten du NaBaik.

Historia eginez, 2010eko azaroaren 29an Nafarroako Aldizkari ofizialean argitaratzen da Baztango eremuan hiri lurzoruan transformazio zentroak kokatu eta eraikitzeko, eta hiri lurzoruan eta lurzoru urbanizagarrian bizitegietarako erabilera duten jarduketak arautzen dituen ordenantzaren behin betiko onespena.

Ordenantza honen onespena 2008tik 2010era Baztango NABAI udal taldeak egindako lan handiaren ondorioa izan zela dio talde honek, “Nafarroa mailan araudi aitzindari, zenbait baztandarrek transformazio zentroek sortzen dituzten uhin elektromagnetikoek osasunean duten eragina dela eta zuten kezka ikusita abiatu zena, bereziki zentro horiek bizitzen eraikinen barnean kokatzen direnean, lurperatu gabe edo eta etxebizitzetatik hurbil”.

2011ko ilbeltzaren 24an Bozateko transformadorean lana gazatzeko obra baimena eskatu zuen Iberdrolak eta otsailaren 2an Baztango Udalaren ezezkoa jaso zuen. Aldi berean, espedientea osatzeko falta zen dokumentazioa eskatu zitzaion Iberdrolari, bertzeak bertze egin beharreko lanak ordenantza bete zezan erranez. Eskakizunaren argudio gisa Hirigintza Batzordean herritarren osasunerako eskubide orokorraren defentsa lehenetsi egin zen enpresa promotorearen interes partikularraren gainetik. Iberdrolak errekurtsoa aurkeztu zuen, baina Baztango Udalak, udalekolege aholkularitzaren txosten juridikoan oinarrituta, errekurtsoa ezestea erabaki zuen.

2011ko buruilaren 13an berriz ere Bozateko transformazio zentroa berritzeko baimena eskatu zuen Iberdrolak eta handik hiru egunera burutako Tokiko Gobernu Batzordean, “Hirigintzako udal aholkulariaren oniritzia eta Hirigintzako Udal Batzorde informatiboaren proposamena ikusirik eta eskaera indarrean dagoen araudiaren kontra egiten ez duelarik ustez” eskatutako obra baimena eman zitzaion.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun