«Gure gazte denboran 8 edo 10 ateratzen ginen joaldun»

TTIPI TTAPA 2012ko urtarrilaren 26a

Pedro Mutuberria gidaria eta duela 40 urte Errenteriara atera ziren joaldunak omenaldian. TTIPI TTAPA

84 urte beteko ditu ilbeltzaren 26an Zubietako Dendarineko Pedro Mutuberriak. Biziaren erdia baino gehiago joaldun izan zen, 45 urte, eta bertze 7-8 urtez joaldun taldearen gidari, turuta eta makilarekin. Joan den urteko Amabirjinetan, bertze hainbat joaldu­nekin batera, Zubietako Udalaren omenaldia jaso zuen, duela 40 urte lehen aldiz herri­tik atera eta Zubietatik Errenteriara joan zen joaldun taldeko kide izan baitzen.

 

1971n atera zen lehen aldiz Zubietako joaldun taldea herritik. Nola izan zen?

Ordura arte inauterietan eta Errege bezperan bakarrik ateratzen ginen joaldunak eta orduan Errenteriatik deitu eta joan egin ginen, gure ohitura erakustera. Geroztik beste hainbeste tokitan izan gara, gu kantidadea ateratzen ginen, Frantziara, Espainiara, Nafarroan, Gipuzkoan, 20 urtez Eguberri bezperan Iruñera ailegatua naiz joareak jotzera…, baina orain zubietarrak arront gutxi ateratzen dira. Hala ere, joaldunen berezko tokia inau­teria eta Errege bezpera izaten segitzen du.

Joan den urteko Amabirjinetan omenaldia ere jaso zenuten…

Bai, Herriko Etxetik deitu ziguten eta nola herritik atera ginenetik 40 urte kunplituak ziren, oraindik bizi garen joaldunei-eta horrelako omenaldi bat egin nahi izan ziguten eta gu gustora. Zubietako herria kanpoan ezagutzera emateko modu polita izan da joaldun taldearekin ateratzea. Nafarroan eta Gipuzkoan Zubieta esanez gero, segidan joaldunekin lotzen dute.

Ituren, Aurtitz eta Zubietaz aparte, beste hainbat herrietan ere sortu dira joaldun taldeak…

Nik ez ditut ikusi, baina hala diote, Berriozarren eta eginak dituztela taldeak. Dudarik gabe, gustatu izanen zaie ohitura hori eta zabalduz joan da.

Zu joaldun hasi zinenetik gaur egunera aldatu da ibiltzeko modua?

Gauza beretsua egiten dute gaur egun ere: astelehenean Iturenera joan bisitan, han exibizioa egin eta asteartean Ituren eta Aurtizkoei harrera egin, hemen ere exibizioa egin, hameketakoa eta martxa! Joaldun kopurua bai aldatu da. Gure gazte denboran, zortzi edo hamar lagun bakarrik juntatzen ginen joaldun eta orain igual 50 joaldun plantatzen dira. Lehenago karrozarik ez zen egiten, Ikustera etortzen den jendea ere aldatu da. Lehen herrikoak izaten ginen eta gutxi gehiago eta orain, izugarrizko jende pila biltzen da, autobusak etortzen dira eskoletatik…

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun