Joare soinuak lau haizetara eta hiru herrietara hedatuko dira egunotan

TTIPI TTAPA 2012ko urtarrilaren 26a

Ituren, Aurtitz eta Zubietako joaldunekin batera, mozorroak ere ibiliko dira. Utzitako argazkiak

Heldu den astelehenean Iturenera joanen dira Zubieta eta Aurtizko joaldunak eta astear­tean Zubietara bisita bueltatuko dute

URTARRILAK 30, astelehena

Zubietako joaldunak, mozorro eta karrozek lagunduta, bisita eginen diete aurtiztarrei lehenik. Herriari bira eman eta salda beroa hartu ondotik Iturenera joanen dira. Lasagako Zarandia parean, Iturengo joaldunekin elkartu eta herrian barna buelta emanen dute. Joaldunek aperitiboa hartzen duten bitartean, Iturengo plazan karroza bakoitzak eta mozorroek bakoitzak bere ikuskizuna eginen du, joaldunek uxatu baino lehen.

URTARRILAK 31, asteartea

Ituren eta Aurtizko joaldunek bisita bueltatuko diete Zubietarrei, batzuen ustez natura ernatzeko eta uzta berri eta ugariak emateko egiten den ohiturari eutsiz.

OTSAILAK 1, asteazkena

Zubietan egun hau izaten da inauterietako azken eguna. Bazkaldu ondotik kontuak egiten dira. Ondotik joa­reak jarri eta Aurtitz eta Iturendarrei azken bisita egiten zaie ilunabarrean. Aurtiztar eta iturendarrak asteazkenean bazkaria eta arratsaldean etxez etxe ibil­iko dira joare eta trikitilariekin. Ondotik afariak izanen dira elkarteetan.

OTSAILAK 4, larunbata

Kontuen eguna izanen da Iturenen Inauterietako azkena. Egun horretan ez da joarerik jotzen. Inauteriak akitu eta hurrengo larunbatean egin ohi da Iturenen eta Aurtizen igandean. Iturenen bazkaria izanen dute Herriko Etxean. Bazkaldu aitzinetik herriko dantzariak bertsolariak eta aizkora apostua izanen dira herriko plazan. Bazkaldu ondotik dan­tzaldia eta kontuen afaria. Aurtitzen xaharren afaria eginen dute igandean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun