Sunbillako gazteentzat hiru egun alai bezain ‘gogorrak’ dira inauteriak. Kanpokoek igandeko desfilea ezagutzen dute, baina aitzineko bi egunetan baserrietan eta karrikan eskean ibiltzen dira. Lana gogotik egin behar da dena prestatzeko eta Jon Antzizarrek aipatu digunez, «14.000 eurokoko aurrekontua» izan zuten joan den urtean.
Kanpoko jendearentzat gazteen eskea da egitarauko ekitaldirik ezezagunena. Nola antolatzen zarete?
Ortziralean baserrietan ibiltzen gara, 60 bat baserri, bi taldetan banatuak eta larunbatean herrian barna. Baserrietan hagitz ongi hartzen gaituzte, ateak zabal-zabalik, mahaiak janariz eta edariz beteak, dirua ere ematen dute, harrera ederra izaten dugu.
Bitxikeria bezala, mutil ezkongabeak bakarrik ateratzen dira eskean…
Bai, horretan nahiko arkaiko gaude, baina ohitura hori da. Ahots batzuk badira hori aldatzea eskatzen dutenak, baina oraingoz mantentzen da: mutila ezkontzen denetik ez da gehiago eskean ibiltzen. Ea lortzen dugun noizbait aldatzea eta emakumeak ere sartzea.
Bi eguneko eskea, arratsetako besta, igandeko desfilea… Denetara ailegatzea ez da erraxa izanen?
Denek ez, baina batzuk badute hori dena egiteko kapazidadea: besta gauean, goizean gosaria, desfilea… Sasoi ederra dute. Nik, tarteren batean atseden hartzen dut.
Eta urtero urtero, dozena bat karroza baino gehiago… Nola lortzen duzue?
Hasierako lauak gazteen karrozak dira, urtero errepikatzen direnak eta janaria eta edaria banatzen dutenak. Gainontzeko karrozak, koadrillaren arabera, batzuk bi hilabete lehenago hasten dira, bertze batzuk azken orduan…
Gastua ere handia izanen da…
Musika dela, karrozak direla, opilak, otorduak… joan den urteko aurrekontua 14.000 eurokoa zen eta errifarekin erditsua ordaintzen da, eskean ere zerbait lortzen da, Udalak 1.500 euroko laguntza ematen du. Azkenean gastuak estaltzea lortzen dugu.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!