Martiko Urtasunentzat, Orona Ezkurrarentzat

Iruritakoak bigarren urtez irabazi du Martiko torneoa 2012ko urtarrilaren 26a

Gorka Urtasun eta Julen San Miguel Martiko Torneoko finalean. Euskal Jai Berri Fundazioa

Iruritakoak bigarren urtez irabazi du Martiko torneoa

Joan den urtean bezala, Gorka Urtasun iruritarrak irabazi du aurten ere erremonteko Mar­tiko Saria. Urtarrilaren 6an Iruñeko Labrit pilotalekuan jokatu zen buruz buruko frontoi labu­rreko txapelketaren finala eta Iruritakoak 30-22 irabazi zion Julen San Miguel doneztebarrari. Teoriaren arabera, San Miguelen sakea erabakigarria izan zitekeen, baina ez zen horrela suer­tatu, Urtasunek min gehiago egin baitzuen lehen pilotakadarekin. Gainera, Iruritakoa ongi ibili zen peloteoan eta erre­boteatu behar izan zuenean ere ederki moldatu zen. San Miguelek tarteka jokaldi bikainak egin zituen, baina beti gibeletik ibili zen.

 

Orona Masterra

Orona buruz buruko Masterraren final bikainean Koteto Ezkurrak 30-28 irabazi zion Migel Mari Urrutiari urta­rrilaren 7an Hernaniko Galarretan, partida ederra jokatuta. Partida osoa kontrolpean eduki zuen Urrutiak eta beti markagailuan aitzinetik izan zen saldiastarra, 27-26kora arte. Min handia egin zuen Urrutiak sakearekin eta menpean eduki zuen Ezkurra. Azkenean, ordea, Ezkurrak lortu zuen txapela, oraindik ere maisuetan maisu dela erakutsiz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun