Urtarrilaren 8az geroztik, abian da Malerrekako Binakako Txapelketa, Erreka Elkarteak hamargarren urtez antolatu duena, hain zuzen. Benjamin, alebin, infantil, kadete, jubenil, bigarren mailako senior eta elite mailako seniorren kategorietan, guztira 184 bikotek neurtuko dituzte indarrak. Mailaren arabera, partidak Beran, Lesakan, Donezteben, Iruritan eta Legasan jokatzen ari dira eta finalak otsailaren 25ean izanen dira Donezteben, azken orduko aldaketarik ez bada.
Bortzirietan banaka
Urtarrilaren 13an hasi zen Bortzirietako Banakako hamaikagarren pilota txapelketa eta otsail bukaera edo martxo hasierara arte iraunen du, orduan jokatuko baitira finalak. 101 pilotarik eman dute izena eta bortz kategorietan banatuta ariko dira, A edo B mailan. Ligaxka moduan jokatuko da eta aurten lau t’erdiko modalitatean eginen da.
Bortz herritan jokatuko dira partidak: Beran ortziral eta larunbatetan, Igantzin ortziraletan, Lesakan eta Arantzan larunbatetan eta Etxalarren igandetan.
Paxaka txapelketa ere hasia
Laxoa Elkarteak hamabigarren urtez antolatutako paxaka txapelketa urtarrilaren 7an abiatu zen. Zortzi hirukotek eman dute izena, zazpi Iruritakoak eta bakarra Oizkoa.
Oizko taldean Iker Bereau, Ugutz Zelaieta eta Koldo Mindegia ari dira; Irurita A taldearekin Miguel Garate, Joseba Urtasun eta Joxe Mari Salaburu; Irurita Brekin Xabier Bazterrika, Cesar Iñarrea eta Xabier Barberena; Irurita Drekin Mikel Ballarena, Jexux Etxenike eta Cesar Sarratea.Taldeok A multzoa osatuko dute.
B multzoan, Irurita E (Oskar Urrutia, Xabier Ripa eta Miguel Angel Iñarrea), Irurita F (Mitxel Etxenike, Iñaki Etxandi eta Jagoba Ramos), Irurita G (Guillermo Etxenike, Iñaki Zabaleta eta Miguel Bidegain) eta Irurita H (Igor Urrutia, Jexux Garate eta Karlos Goikoetxea) lehiatuko dira.
Hiru jardunaldiko ligaxkaren ondotik, multzo bakoitzeko bi lehenbiziko sailkatuak finalerdietan gurutzatuko dira, urtarrilaren 28an edo otsailaren 4an, jokalariek erabakitzen duten egunean. Final handia eta hirugarren posturako partidak berriz, otsailaren 4an edo 11n jokatuko dira Iruritako Aranabia pilotalekuan.