Nafarroan argitaratzen diren euskarazko argitalpenen artean, TTIPI-TTAPA hamabortzekaria da irakurriena. CIES erakundeak Nafarroako Gobernurako egindako ikerketaren arabera, 29.000 irakurle zituen 2011n, urtebete lehenago egindako azterketan baino 4.000 gehiago.
Nafarroako 289.000 herritarrek (biztanleriaren %52,9) Nafarroan berean argitaratzen diren aldizkako argitalpenak irakurri zituzten 2011n; beti ere CIESen arabera.
Galdeketako emaitzak aztertutako 34 argitalpenen aldizkakotasunaren arabera banatu dituzte: zazpi astekariak dira, lau hamabortz egunez behingoak, hamasei hilean behingoak; bertze zazpiak bertze aldizkakotasun batzuk dauzkate. Eta azken aldiko irakurleak zehaztu dituzte, 2010eko azterlanarekin alderatutako irakurleak eta irakurleen profila.
Azterketak dioenez, hilabetekariek 142.000 irakurle dituzte (14 urtez goitiko Nafarroako populazioarem %25,9), astekariek 85.000 (%15,5), hamabortzean behingoek 61.000 (%11,3) eta gainerakoek (bi, hiru edo sei hilean behingoek) 115.000 (%21,6).
Gauzak horrela, ikusten da nafarrek argitalpen bat baino gehiago irakurtzen dutela.
Gehien irakurtzen duten astekaria La Verdad da: 23.000 irakurle dauzka.
Ondotik datoz Tuterako Plaza Nueva eta La voz de la Ribera (20.000 eta 15.000 irakurle dauzkate, hurrenez hurren), La Ribera Semanal (15.000 irakurle) eta Sakanako euskarazko Guaixe aldizkaria (14.000 irakurle dauzka).
Hamabortzekariei dagokienez, 29.000 irakurlerekin, irakurriena TTIPI-TTAPA aldizkaria da (2010eko azterketan baino 4.000 gehiago ditu eta 2009an baino 6.000 gehiago), gero Lizarrerriko Calle Mayor (20.000 irakurle) dago, eta ondotik dator Tafallako La voz de la Merindad (13.000 irakurle).
Hilabetekari nagusia Barrios de Iruña da (51.000 irakurle dauzka); gero datoz Errotxapeako Ezkaba (18.000 irakurle), Al revés (14.000), Entreto2 Auzolan (Lizarrerria, 13.000) eta Iruñerrian Auzolan (11.000).
Gainerako aldizkariei dagokienez, honako hauek irakurtzen dira gehien: Ze Berri (bihilabetekaria, 42.000 irakurle), hiru hilez behingo Conocer Navarra (29.000 irakurle) eta bi hilez behingo Zona hospitalaria (26.000 irakurle) eta Ribera Navarra (20.000 irakurle).
Galdeketa 14 urtetik gorako 1.000 laguni egin zieten, 2010eko urriaren 14tik azaroaren 15era, Nafarroako Hedabideetako Entzuleriari buruzko Azterketa Orokorraren bigarren txandarekin batera.
Konfidantza maila %95ekoa da.
DATUA
29.000 IRAKURLE izan ditu TTIPI-TTAPAk 2011n, CIES-ek egindako ikerketaren arabera.