Ortziralean baserrietako puxka biltzearekin hasi ziren inauteriak igandeko karroza desfilearekin, zerri eta bildotsaren zozketarekin, herri bazkariarekin eta dantzaldiarekin akitu ziren Sunbillan.
Ohikoa denez, igande goizeko karrozen desfilea ikusgarria suertatu zen. Hotza, euria eta elurra iragarria zegoen, baina halere jendetza bildu zen Sunbillako karriketan, goizean euriz leher eginagatik, eguerdi partean ez baitzuen hain eguraldia kaxkarra egin. Aitzineko urteetan baino orga guttixeago izanagatik, zortzi bat ibili ziren karrikaz karrika. Beti bezala, desfilea irekitzen gazteen hiru karrozak joan ziren, ohiko menua eskainiz: tortilla (eskean bildutako 200 arraultze dozena erabili ziren), hezur salda (400 litro), 500 talo, 100 kilo gaztaina eta 200 bat litro ardo.
Ondotik, gainerako karroza ikusgarriak heldu ziren, Aburrecalles txarangaren laguntzarekin. Pottokiak Sunbillan izan ziren, beraien onddo-gazteluarekin, eskolako guraso eta haurrek osatutako karroza dotorean.
Gero, heldu eta haurren bertze koadrilla batek Hello Kittyren mozorroarekin desfilatu zuen. Hotza uxatzeko, Tour de Sunbille txirrindularitza proba ere izan zen, bere moto-eskoba eta telebista kamarekin ere, duela urte saila herriko inauterizale beteranoek egindakoa gogoratuz. Asterix, Obelix eta gainerako galiarrek “Inbadituak baina ez garaituak” adierazi zuten berriz ere, basurdearen faltan zerrikuttina sutan prestatzen zuten bitartean. SunbillZirkus zirkoak ere ikuskizun honen xarma guzia hedatu zuen karrikaz karrika. Halere, karrozarik handienak, Egiptoko piramideak eta Gizehko esfingea erakusten zituen, harri garraio zebiltzan esklaboak zigorrarekin zartatzen zituzten bitartean. Historiarekin segituz, Bigarren Munduko Gerrako bataila bat ere agertu zuten sunbildarrek, baina zaharkitu xamarra zegoen tankeak ezin izan zuen ibilbidea osatu.
Desfilea itxiz, bale arrantza erakusten zuen karroza hirukoitza ageri zen. Lehenbizikoan, Getariako portua ageri zen. Honen ondotik, balea zetorren eta gibeletik, arrantzaleek arraunean mugitzen zuten bi trainera.
Astelehen eguerdian, joaldunek hartuko dute inauterietako erreleboa eta Iturenera joanen dira Zubieta eta Aurtizkoak, Iturengoei bixita egitera. Asteartean, errekan goiti joanen dira Zubieta aldera.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!