Mendi taldea sortu du Arkupeak elkarteak

Fernando ETXEBERRIA 2012ko urtarrilaren 25a

2000an Santiagon izan ziren Arkupeak-eko lagunak. Fernando Etxeberria

Otsailaren 15ean Ibardinen bi ateraldi eginen dira

Sail berria sortu du Arkupeak erretiratuen elkarteak: mendi taldea. Zuzendaritza Batzorde berriak hasieratik esku artean zebilkien proiektua da eta delegatuekin abenduaren 28an egindako bileran aipatu zen jubilatuen mendi taldea sortzea interesgarria izanen litzatekeela, hilabetero irteeraren bat eta urtean behin Pirinioetara bes­te bat eginez. Eta halaxe egin da, dagoeneko lanean hasia baita Arkupeak elkarteko mendi taldea.

Hasiera batean, hila­betero inguruko mendietara irteera bat egitea da asmoa, eta gero, Euskal Herriko beste tokietara eginen dira. Zehazki, otsai­laren 15ean Ibardinen eginen da irteera. Bi talde osatuko dira: ibilbide laburra eta luzeagoa. Ibilaldiaren ondotik­, nahi izanez gero, ingu­ruan baz­kal­duko da.

Mendizale bakoitzak bere aldetik joan beharko du Ibardinera, eta hi­tzordua lehenengo aparkalekuan 09:00etan egin da. Apuntatzeko Arkupeak elkartera deitu behar da (948 450878) eta xehetasun gehiagorako 948 630317edo 659 076597 telefonoetara (Jose Mari Irazoki).

Edozein bazkidek izanen du irteeraren bat proposatzeko aukera eta horretarako Fernando Etxeberriarekin jarri beharko da harremanetan, bera izanen baita Zuzendaritza Batzordeko koordinatzailea. Oraingoz, bi dira aurrei­kusi diren ateraldiak: Arizkunera bat eta Leitzara bestea, baina aurrerago emanen da horien berri. Horiez gain­, uztailaren 19tik 23ra Pirinioetara bidaia antolatu­ko da, Formigal aldera.

Bidaia hau mendizaleentzat da, baina tokia egonez gero, beste baz­kideei ere emanen zaie aukera. Hala ere, beraiek­ antolatu beharko dute egunerokoa, gainera­koek­ mendian pasako baitute eguna.

 

Aurrekariak

2000ko Arkupeak elkartearen aldizkarian ageri denez, urte hartan Done Jakue Bidearen Baztango zatia antolatu zen, Dantxarineatik Iruñera, eta Sakanako bidetik Arabako mugarako tartea aukeran emanez. Ateraldi hartan parte hartu zutenak gogotsu gelditu ziren eta Arkupeak-en barne ezinezkoa izan zenez, elkartetik kanpo Goiz Mendi taldea sortu zuten mendi ateraldiak egiteko.

2001eko aldizkariak Santiagoko plazan ateratako argazkia jaso zuen, Galiziara bidaia egin zuten jubilatuekin eta hor ageri dira Done Jakue Bidea osorik egin zutenak ere bai.

Geroztik, taldeak bi aldiz egin du aipatu bide hori eta joan den urtean, itsasaldetik egin zuen Done Jakue Bidea. Hortik aparte, hilabetero ateraldiak egin dituzte, eta urtero Pirinioetara bost eguneko irteerak ere bai.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun