Asiako liztor beltza hemen da etorria

Markel LIZASOAIN 2012ko urtarrilaren 25a

Erlezaina lanean. Markel Lizasoain

Urrutina aldean kendu dute lehenbiziko kabia

Basaburu Ttikian ez dugu berriro arte sumatu­. Saldiasen, lehenbizikoz, Alduntzingo Martin erle­zainak harrapatu du kabi­ bat joan den abenduan. Herri hau zakurraren ipur­tzuloan dago, baina erle­zainek pentsatzen zuten lehenago edo geroago agertuko zela honata ere. Mendian goiti, gehiago kostatzen zaio hedatzea, baina 800 metrora ere ikusi izandu dituzte kabi horietarik; orduan, ez da harritzekoa hona arteraino ere agertzea. Erreka ondoetan maite dute paper pilota horiek egitea, eta erreka goiti joaten dira hedatuz-hedatuz.

Orain ailegatu berritan akaso ez, baina sarri­ hasiko gara ikaratzen liztor zahar horrekin. Problema ez da erlezainena­, denena da. Kabi gehiago egiten omen ditu herri­ handietan leku basatan baino, zer jana gehiago harrapatzen baitu. Esate­ batera: arraina maite du, eta arraina saltzen duten merkatuetan, igual, azaltzen da. Frutari ere kalte handia egiten dio, eta, pertsonantzako, hemengo liztorra baino peligrosoagoa da: kabitik 5 metrora hurbilduz gero eta sumatuz gero, segituan ateratzen dira mordoska bat atakatzera, eta metro franko egiten dute atzetik segika.

Eta zer egin daiteke? Oraingoz ez da erremediorik. Frantzian hedatu eta hedatu ari da, eta orain­dik ez diote aterabi­derik eman. Kabiak ken­tzea, tranpak paratzea eta liztorrak berak nola fu­ntzionatzen duen ikastea da egin daitekeen hoberena.

Eta nork kendu behar ditu kabiak? Erlezainarentzat lan txarra da. Liztorrak erleak baino ez­ten luzeagoa du, eta mozorro berezi bat behar da; erleetan ibiltzen den mozorroa aisa ziztatzen du. Goiti asko egoten dira kabiak, eta azidenteren bat izateko arriskua dago. Frantzian, suhil­tzai­leek kendu dituzte be­rriro arte, baina hainbeste ugaritu da, atzene­ko gobernuak erretiratu egin du zerbitzu hori, garesti ateratzen zaiola eta. Orain, enpresa pribatuak aritzen dira horiek ken­tzen, eta izugarri garestia­ da: 100 eurotik 1.000ra bitarte. Nafarroan, suhil­tzaileek kendu dituzte ba­tzuk, baina, gerora, ez dakigu haiei eraginaraziko dieten lan hori.

Tiroka botatzekotan, udan edo udazkenean izan daiteke egokia, bes­te urteko erreginak formatzen hasi baino lehen edo formatzen ari direla­. Izan ere, liztorraz jakin be­harreko gauza da ne­guan ia denak hil egiten direla eta erreginek ba­ka­rrik irauten dutela bizi­rik ondoko udaberrira arte,­ zulo zokoren batean; udaberrian, berriz, ez dira aurreko urteko ka­bira bueltatzen; urtero, kabi berriak egiten dituz­te.

Beste gainekoan, berexitasun bat badu liztor beltzak hemengoak ez duena: belenoa tiratzen du begietara (alerjia eman dezake azala ukitu hutsa­re­kin). Orduan, kabia eskuz kentzekotan, antiojuak ere paratu behar dute. Sarrerako zuloa esta­li beharra dago espraiarekin, esponjarekin edo algodoiarekin; kabia dagoen adarra moztu, zaku batean sartu eta su eman. Ilunabarrean edo goizean goiz egin behar da hori dena, liztor gu­ziak­ barrenean lo daude­la. Kabia ttikia bada, sa­rrera tapatu eta izozkailuan eduki bi ordu, gutxienez (tenperatura kanbioa txarra da liztorrarentzat).

 

Erlezainak zer egin dezake?

Gauza gutxi. Baina gu­­txi hori egitea ere inportantea da erleei euste­ko. Inportantea da udaberri hasieran egiten den la­na, orain esanen duda­nagatik: liz­tor erreginak otsail erdi­tsurako-mar­txorako hasten dira lurpetik atera­tzen, jan bila, kabiak egiten eta arraul­tzeak erruten. Ho­rtik jaio­tzen diren lizto­rrak­ langileak dira. Lehenbiziko langileak hazi bitarte, erre­gina bera ibil­tzen da hara­ta­ eta honata. Horre­taz, udaberriko liztorrak ha­rrapatuz gero, erre­gi­nak harrapatzen ari gara­, eta hala, kabi gu­txia­go izanen da inguruan. Nola harrapatu? Orain arte, hobekiena plastikozko botilekin egindako tranpak funtzionatzen dute.

 

Tranpak

Aurreko urteko kabitik hurbil paratu behar dute tranpak, 500 metro­ren barrenean, eta erlate­gian 100 metroren barre­nean; erlauntzen gainean baino hobe inguruan. Hobe du lurretik metro eta erdira paratzea. Tranparen barrenera, zerbeza bota behar da, azu­kre puxko bat nahasita. Udaberrian azukre gehiago, uda atzenean gu­txiago. Hiru egunetik aldatu behar omen da sustantzia. Hori asko da, baina, hiru egunetik ezin bada, ahalik eta maizena aldatu. Inportantea: komeni da aurreko urteko liztor beltzak izozkailuan altxatzea eta, udaberria ailegatzearekin, tranpa bakoitzean bat sartzea eta urte guzian bat sartua edukitzea; hartara, usainera etorriko dira liztorrak, eta erleak ere usaina aditu eta ez dira tranpan sartuko. Edozein moduz, zerbezak baino hobekiago funtziona­tzen omen du beste sustantzia batek: Frantzian 'erlezainaren zumoa' esaten diote. Mustiluaren gisara egiten da, baina ezti laukiak ibili beharrean, lauki zaharrak ibili behar dute. Orduan: berezka zaharrak uretan urtu, eta ur zikin hori tranpatarako ibili; asko maite omen du liztorrak.

Plastikozko botilarekin egindako tranpak merkeak dira. Frantzian, bai omen dira tranpa ofizialak ere; Veto pharma enpresak egiten ditu, eta belar-olioa sartzen diote­. Ongi funtzionatzen izan behar dute, baina franko garestiak dira.

Urriruko, ikaragarri ugarituak egoten dira liztorrak; 10 litroko pozal bat paratu eta euparaino betetzen omen da.

 

ATERABIDEA?

Kabiak kentzea, tranpak paratzea eta liztorrak berak nola funtzionatzen duen ikastea da egin daitekeen hoberena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun