Aurten ere, iaz bezala, San Anton Abade egunean meza ospatu zen ermitan, urte batzuez egin gabe egon eta, bigarren aldiz segidan. Eguraldia berriz ere, bikaina, seguraski herriak duen tokirik eguterenean, benetan egote atsegina izan zen, elkartu ziren 30 bat lagunentzat.
Lehen ere erran izan dugu, baina deigarria da ermita hau benetan ez dela San Antonena bakarrik, San Kristobalen irudia haundiagoa eta nagusia delako. Gainera, ermitak gehienetan leku apartatutan izaten dira, eta hau, berriz, Benta deitzen den etxebizitza bati itsatsia dago.
Informazio gehiago bilatu beharko litzateke, baina etxe horrek izen hori badu, leku horretatik jendea pasatuko zen garai batean, beharbada Leurtza edo Beintza-Labaien aldera, eta bidaiarien otoitz egiteko lekua izan zitekeen. Kontuan izanda, gainera, San Cristobal bidaiari eta garraiolarien zaindaria dela... Zerikusirik izanen ote du? Ea hurrengorako zerbait gehiago ikasten dugun.