Esku pilotan Aspe enpresarekin ibili ondotik, 2008ko otsailean egin zuen erremonte profesionalerako saltoa Josu Baleztena erantsundarrak. Ez zion, ordea, askorik iraun erremonteko ibilbideak, eskuineko eskumuturrean egindako eskafoide hausturak erremontea uztera behartu baitzuen. Urtarrilaren 26an, ortzegun arratsaldean Galarretan eginen den Erremonte Jaialdian agur-omenaldia eskainiko zaio.
Kontent hartu du eratsundarrak, «omenaldia jasotzeak ilusioa egin dit, ez naiz nabarmendu den horietakoa baina enpresa nirekin oroitu da eta espero ez nuen opari polita da», dio. Urrizarekin bikotea osatuz, Nafarroako Erremonte Txapelketan ari zela hartu zuen min Baleztenak, eskumuturrean jasotako pilotakada baten ondorioz: «ez nintzen gelditu. Jokatzen segitu nuen eta finalera ailegatu ginen. Daukadan kirol oroitzapenik hoberena da», dio.
2010eko urrian ebakuntza egin behar izan zioten eta martxoan azaldu zen berriz pilotalekuetara. Hilabete eta erdi egin zituen, eta tarte horretan, zortzi partida jokatu zituen. Mina, baina, jasanezina bihurtzen ari zen: «eskumuturreko mina haundia zen eta berriz gelditu nintzen. Ezin nuen. Uztail hasieran berriz egin zidaten ebakuntza Madrilen, baina eboluzioa ez zen oso ongi joan eta erretiratzea erabaki nuen».
Eta geroztik ez da askotan joan Galarretara, lesionatua zegoela joaten hasi zelako eta gaizki pasatu zuelako: «jendeak beti galdetzen zidan eta ez nuen ongi pasatzen. Gerora, deskonektatua egon naiz, nire munduan, eta orain, erretiratu naizela eta presio hori gabe, Galarretara joaten hasiko naiz».
Erremontea uzteak pena eman arren, garbi zuen «baldintza haietan ezin nuela segitu. Pilotari ematean min haundia somatzen nuen». Ebakuntza egin beste erremediorik ez zuela izan ere uste du: «ebakuntza egin ez banu, lesioak okerrera egin izanen zuen. Nahitaezkoa zen». Erretiroa goiz ailegatu bazaio ere, «enpresak nahi ez zaituelako uztea okerragoa izanen zela» iritzi dio. Eta gaur egun, erremontea utzita, Irunen taxigidaria da.