2011ko erremontista onenari emandako Urrezko Erremontea Koteto Ezkurra doneztebarrarentzat izan zen. Urtarrilaren 26an Galarretan eman zen lehen aldiz sari hau eta Oriamendi 2010 enpresak honela saritu zuen Kotetoren urte bikaina.
38 urterekin, buruz buruko txapelketa ofiziala irabazi zuen Ezkurrak irail hasieran eta Orona buruz buruko Masterra urtarrilaren 7an. Gainera, binakako erremonte txapelketan finalerdietaraino ailegatu zen Aizpurua II.arekin eta guzi horrengatik, lehen aldiz eman den Urrezko Erremontea eskuratu zuen.
Erregulartasunaren sariak ere eman ziren ortzeguneko Erremonte jaialdi horretan. A taldean, Javier Urrizak eskuratu zuen erregulartasunaren sari hori eta B multzoan, Endika Barrenetxea IV.ak. Hiru erremontelari horiek, Lasarte Oriako Gotzon Huegunen egindako sariak jaso zituzten.
Baleztena eta Badiolari omenaldia
Bertze aldetik, Oriamendi enpresak lesioen ondorioz erremontea utzi behar izan duten bi pilotariri ere bere omenalditxoa egin zien. Imanol Badiola eta Josu Baleztena eratsundarra izan ziren omenduak. Kike Elizalde Oriamendiko intendenteak eman zion saria Imanol Badiolaren aitari, hau oporretan baitago eta Francis Sistiaga enpresako gerenteak bertze saria eman zion Baleztenari.
Erremonte jaialdia
Aitzinetik, Galarretan erremonte jaialdia jokatu zen. Lehenbiziko partidan, Etxabe II eta Zubirik 31 eta 35 galdu zuten Matxin VI eta Saldiasekin. Barrenetxea IV.ak debuta egin zuen estelarrean, Ezkurrarekin bikote eginen, baina hernaniarrak eta doneztebarrak 30-40 galdu zuten Zeberio II eta Ionekin.