2012-2013 ikasturterako matrikulazio kanpaina hastera doan honetan, “Lotu irakaskuntza berdeari. Matrikula ezazu zure seme-alaba D ereduan izeneko” kanpaina abiatu dute Nafarroan Euskara Kultur Elkargoak, Ikastolen Elkarteak, Nafarroako Euskara Teknikarien Lanbide Elkarteak, Sortzen Ikasbatuaz taldeak eta Topaguneak, guraso nafarrek haien umeak D ereduan matrikula ditzaten. Euskara eta kultur aniztasuna zaintzea ere ekologiaren alde egitea dela da zabaldu nahi duten mezu nagusia.
“Arrazoi asko daude, dudarik gabe, euskarazko irakaskuntzaren alde egiteko. Horietako garrantzitsu bat da mundu ekologikoagoaren aldeko apustu bat dela”, diote eragileok, batez ere gurasoei zuzenduaz: “Ekologia ez da bakarrik inguruneaz arduratzea; aitzitik, hizkuntza eta kultura aniztasuna zaintzea ere bada. Ekologia hurbilenaren eta aldi berean globalaren alde egitea da. Muturreko egoera batean, adibidez, berdin jokatzen badugu eta okertzen bagara, huts egitea orokorra izango da. Aldizkako aukerak ezinbestekoak dira. Hizkuntzak zaintzea lagungarria da, zalantzarik gabe, herrien arteko elkarrizketa eta bakea ahalbideratzeko. Horixe egiten duzu zure seme-alaba euskarazko ereduan matrikulatzen duzunean”.
D eredua etorkizuneko hizkuntzaren trasmisorea dela ere baieztatzen da manifestu bateratuan: “euskara irakasten da munduko 30 unibertsitate baino gehiagotan; soziolinguistika ikerlarientzat erreferente hurbil eta interesgarrienetako bat da; Interneten presentzia handia dauka, eta Wikipedian, esaterako, 107.000 artikulu baino gehiago ditu, alegia, komunitate grekoak dituenak baino gehiago”.
D eredua hizkuntza-aniztasunerako atea ere badela dio agiriak, eta “euskarazko irakaskuntza komunitate honetan aitzindaria izan da beste hizkuntzen ikasketa txertatzeko orduan”.