2011ko kirol izendegia

TTIPI TTAPA 2012ko urtarrilaren 17a

AIOROA, Joakin

Bigarren urtez jokatu den Euskal Herriko ingu­de-jasotze txapelketa irabazi zuen iturenda­rrak azaroaren 18an Donezteben, 91 jasoaldi eginda.

 

AMAIUR

Sokatira taldeak Nafa­rroako txapel guztiak irabazi ditu, gizonezkoetan nahiz mistoan. Euskal Herriko 4x4 txapelketan, berriz, txapeldun eta azpitxapeldun izan da 300 kiiloz beheitiko kategorian.

 

ARANGUREN, Xabi

Ez da lasterketa, baina hogeigarren edizioa betetzen zuen La Miguel Indurain proban ibilaldi luzeena osatzen bizko­rrena izan zen txirrindulari igantziarra ekainaren 25ean Beran.

 

ARIZTEGI, Maika

2000.ean irabazi zuen Euskal Herriko kox­kor biltze txapelketa lehen aldiz eta urria­ren 9an lortu zuen ha­meka­ga­rre­na Asteasun. 2004an huts egin zuen, Aizar­na­zabal topatu ez zuelako.

 

ARPANA

Urriaren 1ean Igantzin jokatutako Nafarroako arpana txapelketan Amaia Gartzia eta Nerea Sorondo beratarrak suertatu ziren txapeldun, Lezaungo Ana Lopez eta Itziar Nuñezi 19 segunduko aldera atera ondotik.

 

BAZTAN F.T.

Baztan Futbol Talde nagusiak Nafarroako Preferente mailara buelta­tzea lortu du, denboraldi bikain baten ondotik (30 partidetatik 22 irabazi, 5 berdindu eta 3 galdu zituzten).

 

BERTIZ, Unai

Nafarroako txapelketa irabazi ez ezik, errekor berri bat ere egin zuen harrijasotzaile sunbil­darrak.

 

BETI GAZTE

Lesakako futbol talde nagusiak Gipuzkoako Ohorezko Mailara igo­tzea lortu du eta aurten ere denboraldi hasiera bikaina egin du. Futbolean berri txarra Leitzako Aurrerak eman du, Nafarroako Erregionaleko lehen mailara jau­tsi baita.

 

DONEZTEBE

Nafarroa eta Euskal Herriko Herriarteko pilota txapelketak irabazi ditu Patxi Ordoki buru duen Doneztebe pilota taldeak. Nafarroakoan Iruñari irabazi zion finala uz­tai­laren 3an Labriten eta Euskal Herrikoan Hernaniri uztailaren 22an Muskizen (Bizkaia).

 

ERRUGBIA

Euskal Herriko zazpi herrialdetako lehen errug­bi txapelketa jokatu zen Saran maiatzaren 28an eta Donapaleu nagusitu zen, finalean Gasteizko Gaztediri irabazita. Sara hirugarren izan zen.

 

EZKURRA, Koteto

Hamaikagarren aldiz jantzi du erremonteko buruz buruko txapela, hamalaugarren finalean. Irailaren 3an Gala­rretan 30-22 irabazi zion Migel Mari Urrutia saldiastarrari.

 

INDART, Iñaki

Desagertutako gazte legasarraren izena hartu du Doneztebeko udal futbol zelai berriak. Kasik zortzi denboraldiz etxeko partidak Taxoaren, Uharten eta Elizondon jokatu ondotik, Doneztebe Futbol Taldea osatzen duten 204 jokalariek azkenean badute herritik mugitu gabe entrenatzeko eta jolasteko aukera. Abenduaren 8an egin zen inaugurazio ofiziala.

 

IRURITA

Baztan-Errekako laxoa txapelketaren 33. edizioan bere zortzigarren txapala jantzi zuen Iruritak Joseba Urtasun, Guillermo Etxenike, Jesus Etxenike eta Migel Bidegainekin. Abuztuaren 6an Iruritan jokatutako finalean herriko bertze talde bat izan zuten arerio.

 

LARRETXEA, Donato

Nafarroako aizkolari txapelketa berreskuratu zuen segundu bakarreko aldearekin. Azaroaren 18an Donezteben jokatutako finalean ez zen Floren Nazabal izan eta saio osoan Lopezen gibeletik ibili bazen ere, azken enborrean erakustaldia emanda jan­tzi zuen txapela.

 

MARIEZKURRENA, Javier

Krisi urtea izanagatik, kamioi gidari doneztebarrak Europako txapelketan bere lehen garaipen historikoa lortu zuen Nogaron (Frantzia) ekainaren 18an.

 

NIEVE, Mikel

Txi­rrindulari leitzarrak 2010eko Espainiako Vuel­tako etapa nagusian lortu zuen profesionaletako lehen garaipena. 2011n ere bikain ibili da eta Italiako Giroko etaparik menditsuena ere maiatzaren 22an, kasik zazpi ordu terdi bizikleta gainean eman ondotik. Etxera bueltan he­rritarren omenaldia emozioz jaso zuen maia­tzaren 30ean.

 

OLAIZOLA, Aimar

Urte zaila zuen Olaizola II.ak, sei hilabetez min hartua egon ondotik, baina hiru final handietan sartuz erantzun du. Binakakoa Beginorekin bikote eginez irabazi zien Xalari eta min hartutako Barriola ordezkatu zuen Beroizi eta buruz burukoa galdu egin zuen Xalaren kontra. Lau terdikoan, berriz, aita galdu be­rritan, Irujo menperatu zuen (22-12).

 

PILOTA LUZEA

Europako klub arteko zuzeneko esku pilota txapelketa jokatu da lehen aldiz. Europako 13 talderen arteko lehia (tartean Valentzia, Belgika, Holandakoak…) Elizondon hasi zen irai­laren 3an. Baztan-Erre­kako boskoteak Iruñean jokatu zen azken faserako sailkatzea lortu zuen, baina Alakanteko Campello taldea suertatu zen txapeldun.

 

SAIZAR, Judit

17 urte besterik ez izan arren, senior nahiz junior mailako Nafarroako Triatloi txapelketak irabazi zituen kirolari lei­t­zarrak uztailaren 10ean Tuteran, XI. Reto del Ebro Triatloian. Olinpiadetako distan­tzian ere (1,5 km igerian, 40 km bizi­kletan eta 10km lasterka) Nafa­rroako Triatloi txapelketa irabazi zuen abuztuaren 7an Iruñean.

 

SALDIAS, Andoni

Oizko erremontista, 19 urterekin, abuztuaren 13an debutatu zuen profesionaletan Hernaniko Galarretan, Oriamendi enpresarekin.

 

SARALEGI, Eneko

Euskal Herriko gazte mailako aizkolari txapelketa irabazi zuen irailaren 11n Leitzan. Minutu bat eta 23 segunduko aldea atera zion Eneko Otañori.

 

SOUZA, Xanta

Nafarroako nahiz Euskal Herriko txinga eramate txapelketak irabazi zituen lesakar-brasildarrak. Nafarroakoa uztailaren 11n Iruñean eta Euskal Herrikoa astebete beranduago Iturenen.

 

SUKUNTZA, M.Anjel

Gizonezkoen Nafarroako txinga eramate txapela ere eskualdean gelditu zen, Mielanjel Sukuntza leitzarraren buruan. Uztailaren 12ko finalean, Patxi Baraibar herritarrari nagusitu zitzaion.

 

UNTXALO, Arkaitz

Nafarroako gazte mailako buruz buruko txapelketa irabazi zuen Txarutako pilotari iturendarrak. Urriaren 12an Labriten jokatutako finalean 18-9 irabazi zion San Migueleko Garaiori. Aurrerako Sagastibeltza azpitxapeldun izan zen kadete maian.

 

URRUTIA, Josetxo

Nafarroako gurdi altxa­tze txapelketa irabazi zuen leitzarrak uztailaren 10ean Iruñean. Ha­rrijasotzen ere Nafarroako azpitxapeldun izan zen.

 

URTASUN, Gorka

Frontoi laburreko Martiko txapelketa irabazi zuen iruritarrak, Errege Eguneko finalean Iñaki Lizasori 30-25 irabazita. Profesionaletan denbora gutti darama, baina bidea egiten ari da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun