Mende erdia bete da Théophile Bonnet Ibarrungo eliz gizona hil zutela Vietnamen

Franck DOLOSOR 2012ko urtarrilaren 17a

Théophile Bonnet Ibarrunen bere familiarekin. Eskuinean Graxi bere arreba ageri da. Bonnet Familiaren artxibategia

Gan den abenduaren 13an, 50 urte bete ziren Théophile Bonnet he­rriko apez gaztea tiroz hil zutela Vietnamen. Bere bizia gogoratzeko, familiak oroitarri bat eza­rri du Senpereko eliza sar­tze nagusian. Théo­phile 1926an sortu zen Ibarrungo Bonnet familia ezagutuan. Ikasketak Hazparnen eta Uztari­tzen egin eta, 1945ean Pariseko Kanpo Misioen seminarioan sartu zen. 5 urte geroago apeztu zen eta ondoko urtean Kontumerat igor­ri zuten.

Graxi Jeannou Théo­phile zenaren arreba ongi oroitzen da urrats guzi horietaz. Bere betiko umorearekin dio: «Anaia zaharrena zen. Gaztetik apeza eta pilotaria izan nahi zuen, ez zuen ber­tzerik! Hura segitu behar genuen Iba­rrun­dik Senpererat eskolarat gateko, eta zalu!».

Vietnamen 10 urtez egon zen senpertarra. Taldean bizi behar zuen gizon langiletzat zuten denek. Jainkoaren be­rri ona hedatu nahi izan zuen. Gizon maitatua izanagatik mehatsuak ere jasan zituen, heriotz mehatsuak barne. Dena den, ez zuen sekulan amore eman eta ez zuen behin ere ihes egin nahi izan. Azkenean, 1961eko abenduaren 13an, VietCong-ek 35 urteko senpertarra tirokatu eta hil zuten. Ingu­ruan zituen girixtinoek haiek ere tirokatzea galdetu zieten hiltzaileeri bainan ez zuten onetsi.

Mende erdia geroago, Bonnet familiak eta bere lagunek etsenplu­tzat dute Théophile. Diribarne apez bardozta­rrak hari zor omen dio apez izatea: «Bazekien zertarat kondenatua zen bainan ez zuen bere artaldea abandonatu!» Graxi arrebak zera dio «memoria atxiki behar da bainan ez borondate tzarra ez baita harekin ainitz aitzinatuko». Gan den urtean, Vietnamerat bidaia egin zuen Graxik bainan ezin izan zuten Théophilen hilobia ikusi amerikarrek desegin baitute den dena. Han, anaia zena ezagutu zuten zonbait jendeekin mintzatu ziren bainan denek zioten orain ere hobe zela ahal bezain diskretoa izatea. Ez zuten baitezpada erakutsi nahi fededunak direla. Aurten ere Théo­philen ilobak harat joatekoak dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun