San Anton eguneko ospakizunak eginen dira Elizondo, Zubieta eta Lesakan

TTIPI TTAPA 2012ko urtarrilaren 17a

Elizondon zozketatuko den aretzea karrikaz karrika erakutsiko dute goizean. Artxiboko argazkia

Elizondon, Zahar Etxearen aldeko zozketa eginen da asteartean 13:00etan

Urtarrilaren 17a. San Anton Eguna. Abeltzainen zaindaria. Hori dela-eta, eskualdeko zenbait herritan ospakizunak eginen dituzte. Zubietan eta Lesakako Endara auzoan meza izanen da San Anton baselizetan. Elizondon, errifa eginen dute Zahar Etxearen alde, 1867. urtetik egiten den bezalaxe.

Urtarrilaren 17a. San Anton Eguna. Abeltzainen zaindaria. Hori dela-eta, eskualdeko zenbait herritan ospakizunak eginen dituzte. Zubietan eta Lesakako Endara auzoan meza izanen da San Anton baselizetan. Elizondon, errifa eginen dute Zahar Etxearen alde, 1867. urtetik egiten den bezalaxe.

Elizondon egun handia izaten da San Anton eguna. Goizetik, Francisco Joaquin de Iriarte Zahar Etxearen aldeko errifaren azken txartelak saltzen ibiliko dira albinteak. Denera 20.000 boleto jarri dira salgai. Lehenbiziko saria, Aspina elkarteak emandako aretzea izanen da, bigarrena zerria, hirugarrena bi bildots eta laugarrena urdaiazpikoa. Zozketa, berriz, 13:00etan eginen da Balleko Etxeko balkoian eta San Francisco Javier eskola publikoko eta Baztan Ikastolako neska-mutikoak arduratuko dira zenbakiak ateratzeaz. Bertsolariak ere ariko dira eta Baztanzopak eskainiko dira.

 

Lesakan igandea izanen da besta eguna

Lesakan ere meza izanen da Endara auzoko San Anton baselizan, baina beti bezala, ondoko igandean izanen da erromeria handia. Honela, urtarrilaren 22an, igande goizean mezak izanen dira orduero eta trikitixa doinuak, erroskila saltzaileak eta bertze hainbat kontu izan dira. Lesakatik eta inguruko herrietatik oinez, bizikletaz, zaldiz eta, batez ere, autoz hurbiltzeko ohitura handia izaten da. Lesakatik, mendi ibilaldia antolatu du Beti Gazte elkarteak 08:00etan plazatik abiatuta eta bertze horrenbertze egin du Etxalarko Zapingorri mendi taldeak. Arratsaldeko 18:30ean dantzaldia izanen da Plaza Zaharrean.

Zubietan ere San Anton egunak tradizio handia izan du. Izen bereko baseliza moldatu zutenetik, egun horretako meza ere berreskuratu dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun