Arkupeak elkarteak urte bukaerako besta ospatu zuen abenduaren 14an Donezteben eta 583 bazkide eta hainbat gonbidatu bildu zituen. Horrekin batera, 2012rako prestatu dituen ekitaldien berri eman zuen.
Ekitaldiak hasteko, hildako bazkideen omenez, meza eman zuten Biain, Zugarramurdi eta Apezetxea apaizek. Pakita Mikelarenak ofertorioan kantatu zuen eta Mª Isabel Mitxeltorenak hildako bazkideen izenak irakurri zituen. Meza ondotik, Bittor Elizagoien bertsolaria aritu zen eta behin eliz atarian, lagunartean solasteko aprobetxatu zuten erretiratuek.
Ondotik, bazkaria izan zuten kiroldegian. Aitzinetik, Pedro Mari Bañares presidenteak, aurtengo berrikuntzak azaldu zituen. Honela, bazkideendako zenbait ikastaro eta solasaldi egiteko asmoa dauka elkarteak. Bañaresek aipatu zuenez, «Agoizko Francisco Yndurain adintuendako unibertsitatearen laguntza izanen dugu eta zenbait ekitaldi ekarriko ditugu Doneztebera. Beraiek etortzeko prest daude».
Bertzetik, elkarteak gehien kezkatzen duen gaietako bat autonomia pertsonala eta dependentzien prebentzioa da. Presidentearen arabera, «adintuen Kontseiluko bilera batean, Gizarte Gaien Departamentuko kezka nagusietako bat ere horixe dela jakinarazi zuten eta horrek pozten gaitu. Horrek erran nahi du Departamentuaren lehentasunetako bat izanen dela dirulaguntzak ematerako orduan».
2012ko bidaiak
Bidaiei dagokienez, Apirileko Feriarekin bat eginez, Andaluziara joateko asmoa dute. Irailean Paris aldera joateko asmoa ere badute. Ordiziako merkatuaren bosgarren mendeurrenera ere joateko intentzioa dute eta guttienez, hilabetean behin egun bateko bidaiak ere egin gogo dituzte.