Elizondoko urtegia kendu nahian dabiltzan honetan, batzuek akaso ez dute jakinen Saldiasko errotaren presa txikitu zutela makina bat ekarrita 2009an. Ez inori abisatu ez herritarrei galdetu, baimenak erdietsi, etorri eta bota; beuna balitz bezala. Gainera, Espainiako telebistan eman zuten gauza negargarri hori, gezurrak bat bestearen atzetik esanaz: presa horrek ehun urte zituela, amuarrainik ez zela presa horrengatik eta batek daki zer gehiago.
Errotako martxa ezagutu duen jendeak hartuko zuen penarik handiena. Haietako bat, Argineko bordako Migeltxo. Han zen joana bota zuten egunean. Telebistako belarrimotz batzuk galdezka aritu zitzaizkion, eta ematen zuen adarra jotzen ari zitzaizkiola. Ikusi nahi duenak, Interneten dauka (http://www. rtve.es/television/20091103/rios-sin-barreras-escarabajoverde/299054.shtml).
Galdetu zioten ea noiztik ezagutu zuen presa, eta hark, zer esanen zuen ba, beti ezagutu zuela hor eta 200n urte ere izanen zituela; konfederazioak ezetz, denik ere ehun izanen zituela. Izan ere, ez da zilegi herrietako gauza zaharrak hola eta hola botatzea. Konparazio: Etxalarkoa ez dute bota, aspaldikoa delako; gurea ere, ordeo, ez zen oraintxekoa; harri pikatuarekin egina zen, erroa egin zuten garaikoa. Eta, hamaika kontu zelebre ikusteko jaioak baikara, 2008an sari bat eman zion Garalurrek Saldiasko Udalari, «Saldiasko irin-errota herriaren gizarte- eta ekonomia-historiarekin zuzeneko lotura duen toki-ondarea» izateagatik; alegia, ordurako aitortua ziguten errota aspaldikoa dela, eta horrentzat eman zuten saria. Dirutan: 6.000 euro. Diru hori errotako teilatua berritzeko gastuetarako ibili zuen udalak. Eta hor dago errota bat, martxan paratzeko balio ez duena, presarik ez baita!
Ez dago erraza asmatzen zer ote dagoen horren denaren atzean, baina nola liteke jendea hola engainarazi nahi izatea amuarrainaren kontu horrekin: gure adineko jendeari aditu diogu lehen ez zela amuarrainaren eskasiarik, eta orduan orain baino maizago joanen ziren arrantzara, goseak bidalita. Orduan, nola liteke azken 200 urteetan akitu ez den gauza bat 20, 30 edo akaso 40 urtean hainbeste behetzea? Gainera, presarik ez den erreketan ere eskasia bera omen da.
Orain alferrik da hola aritzea; kendu digute beste gauza bat, eta ikusiko dugu presarik gabe ea amuarraina bueltan ugaritzen den Ezkurrako errekan.