Abenduaren 16an Labaiengo Xabier Mindegiak desafioa luzatu zion Arostegiko Julen Kañamares gazteari. Hitzordua Doneztebeko Titi ostatuan abenduaren 23an finkatua zuten. Horrela, aipatutako bi aizkolariak, beraien laguntzaileak ondoan zituztela, hantxe elkartu ziren. Xabierren proposamena lau kanaerdiko eta lau oinbiko lana zen, Julenek aldiz kanaerdi gehiago nahi zituen oinbikoen ordez. Hizketaldi luze baten ondotik eta lan bakoitza ongi aztertu ondotik, adostasun batera iristea lortu zuten. Azkenean, egin beharreko lana, zortzi kanaerdiko eta bi oinbikoetan adostu zuten. Jokoan jarri beharreko ditu kopurua ere han bertan erabaki zuten, aizkolari bakoitzak 3.000 euro jokatzea erabakiz. Seinale gisa egun hartan 1.000 euro jarri zituen bakoitzak, eta diruzain Titi Ostatuko jabea izanen da. Gainontzeko dirua apustua baino hiru egun lehenagotik jarri beharko dute bi kirolariek. Gaixotasunen bat izanez gero, 72 ordu lehenago aurkeztu beharko dute sendagilearen agiria, eta gehienez ere astebete atzeratu ahal izanen dute, tarte horretan atzerapena eskatu duenak, bertzeari eguneko 50 euro eman beharko dizkio. Apustura kirolari bakoitzak bi laguntzaile eraman ahal izanen ditu. Aipatu ere, Nafarroako Herri Kirol Federazioak kontrolatuko duela apustua eta amaieran dopinaren aurkatu proba pasatu beharko dutela.
Parekotasun haundiko desafioa ikusi ahal izanen da datorren otsailean, duela gutti arte bi aizkolariak Nafarroako 2. mailan arituak baitira, nahiz eta Kañamaresek 2011ko irailean Uharten jokatu zen finalean txapela irabazi zuen Mindegiari 20 segundu ateraz.