Erakurri eta Iruñarriko ibilbideak seinalizatu dituzte

Fernando ETXEBERRIA 2012ko urtarrilaren 16a

Erakurri inguruko ibilbideak seinalizatzen aritu diren boluntarioetako batzuk. Fernando Etxeberria

Beste harrespila bat eta kobazulo bertikala topatu dituzte

Ezkurratik eta Perralekutik Erakurri mendira (1.142 metro) igo eta Au­rrehistoriako zenbait monumentu (harrespil, trikuharri…) ikusi ondotik Euskal Herriko garran­tzitsuenetakoa kontsideratua dagoen Iruñarriko menhir edo iruinarrira hurbiltzeko dauden aukera eta ibilbideak seinalizatzeko lana bukatu berri du Beñat, Txukun, Tito eta Fernandok osatutako boluntario taldeak. Gehienetan gerta­tzen den bezala, hemen ere kritikak izan dira. Batzuentzat ez du balio ibilbideak kartel eta pintura bidez zehaztea, inork ez duelako kasurik ere eginen. Beste ekologista uste batzuen arabera, be­rriz, pintura gehiegi erabilli da, «natura kaltetuz». Hala ere, boluntarioak pozik daude, dagoeneko hainbat lagunek egin baitute ibilbidea eta ba­tzuk seinalizazioa eskertu dute. Hurrengo urra­tsa, ibilbideak eta horiek egiteko behar den denbora zehazten duten panelak jartzea izanen da. Abenduaren 31n, Aztun eta Maloan kartelak ja­rri ondotik, egoera oso onean dagoen harrespila eta kobazulo bertikala topatu zituzten eta aztertzen saiatuko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun