Hala nahi duten Bortzirietako eriak Gipuzkoan artatuak izateko ez da inolako eragozpenik. Honela jakinarazi zien Marta Vera Nafarroako Gobernuko osasun kontseilariak bortz herrietako alkateei, urtarrilaren 12an Iruñean egindako bileran.
Kontseilariarekin batera Angel Sanz Barea, Osasunbideko zuzendaria izan zen eta bortz herrietako alkateak: Jaime Iturria (Arantza), Mari Sol Taberna (Bera), Miguel Maria Irigoien (Etxalar), Lurdes Ibarluzea (Igantzi) eta Peio Etxabide (Lesaka).
Alkateek bortziritarren artean zabaldu zen kezkaren berri eman zioten kontseilariari, Osakidetzaren aldetik Nafarroako eriei eskaintzen zaien zerbitzuetan aldaketak izan direla somatu baitute. Alde horretatik, kontseilariak asteartean Arkupeak elkarteko ordezkariei adierazi zien bezala, Osakidetzak eta Osasunbideak bortziritarren osasun arretan ez dutela inolako aldaketarik agindu jakinarazi zien alkateei. Hain zuzen, alkateek egoera aldaketa salatu zutenean Nafarroako ordezkariak Osakidetza eta Eusko Jaurlaritzako osasun kontseilariarekin harremanean jarri ziren eta hauek, Bortzirietako bizilagunek Gipuzkoan osasun arreta jasotzeko inolako eragozpenik ez dutela baieztatu zieten.
Beraz, Nafarroako Gobernuaren eta Osasunbidearen arabera, erien nahia eta erosotasunari begira, orain arte bezala, normaltasun osoz Gipuzkoara joateko eragozpenik ez dago.